Larunbatean, azoka eguna Miguel de Cervantes ikastetxean

Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 17:00

Miguel de Cervantes eskola 50. urtemuga ospatzen ari da. Argazkia: @CervantesGasteiz

Ariznabarra auzoko Miguel de Cervantes eskolak azoka solidarioa egingo du larunbat honetan, 11:00etatik 14:00etara. Postuak, jolasak, txapa tailerra, musika eta beste jarduera asko izango dira.

Aurten, Miguel de Cervantes herri eskola bere 50. urteurrena ospatzen ari da, eta hainbat jarduera antolatu ditu ikasturtean zehar: besteak beste, iruditegi berria aurkeztu dute, baita objektu historikoen museoa sortu ere. Orain, ikasturtea borobiltzeko, azoka handia antolatu dute.

Datorren larunbatean, ekainaren 10ean, 11:00etatik 14:00etara, azoka eguna antolatu dute eskolako sarrera nagusian, Ariznabarra kaleko sarreran. Era guztietako postuak, haurrei zuzendutako jolasak, txapa sorkuntza, zuzeneko musika eta ekintza gehiagoz gozatzeko aukera izango da goiz osoan zehar.

"Disfrutatzeko eguna izango da, eta, horregatik, auzoari zein Gasteiz guztiari zabaldu nahi diogu gonbita", adierazi dute. "Bestetik, eskolak azokatik ateratzen duen diru guztia hurrengo ikasturtean ikasleak Euskal Girotze Barnetegietara joateko bideratuko dugu".

Azaldu dutenez, azoka antolatzeko, aurretik zein egunean bertan, auzoko hainbat eragileren laguntza izan dute, besteak beste, Ariznabarra Berpiztu, Ariznabarra-Hegoalde zonaldeko kale hezitzaileak, Ariznabarra futbol taldea edota auzoko ludoteka. Horrez gain, jakina, eskolako familiek eta irakasleek ere parte hartze aktiboa izango dute egunean zehar.

"Auzoan ereiten eta auzoan loratzen jarraituko dugu, bizi Ariznabarra!", aldarrikatu dute.

KARTELA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago