1972ko azaroaren 30ean sortu zen Miguel de Cervantes eskola, eta, hain zuzen ere, egunotan 50 urte bete ditu. "Urte hauetan guztietan aldaketa asko eman dira gizartean eta hezkuntzan. Hori dela eta, gure eskola ere aldaketa hauetara egokitzen joan da. Hala ere, egia da, azken urteotan aldaketak nabarmenagoak izan direla esparru guztietan, baita gurean ere. Ordutegiaren, estetikaren edota metodologiaren aldaketarekin, aro eta egoera berrietara moldatzen joan gara azken urteotan", azaldu dute umeek.
Gainera, 50. urteurren honek "aldaketa bizian" harrapatu ditu. Izan ere, euskararen erabilera, hezkidetza eta eraldaketa metodologikoa ardatz dituen prozesu batean murgilduta dago zentroko hezkuntza komunitatea. Guzti hori ospatzea ezinbestekoa da eta gaurtik hasita, ikasturtea amaitu bitartean, ekintza bereziak burutuko ditugu.
Horregatik, ikasleek beraiek eskainitako prentsaurreko batean, 50. urteurrena ospatzeko ekimen sorta antolatuko dute datozen hilabeteetan zehar.
Lehenik eta behin, ikastetxearen iruditegia eraberritu dute, Aitzol Lasaga Heriz diseinatzaile grafikoaren laguntzarekin. "Logo berria egitea oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun, barneko berrikuntzak auzora zabaltzeko eta gure izaerak zein iruditegiak bat egiteko", azaldu dute. "Guk proposatutako ideiak eta Aitzolen irudimena uztartuta, logo eder, alai eta gaurkotu hau izan zen emaitza".
"Gure eskola dena eta izaten jarraituko duena irudikatu nahi da: denon artean, elkarlanean sortzen den eskola. Eskuak emanda, elkarrekin bidea egiten duena. Auzoan eta auzoarentzat lan egiten duena. Etengabeko aldaketan dagoena, berrikuntzarako prest eta herri honen erronkei erantzungo diona. Esnatzen, altxatzen, loratzen ari dena", gaineratu dute ikasleek.
"Auzoan erein, auzoan loratu"
Urteurrenerako aukeratutako leloaren ildo beretik joango dira ospakizunak. Izan ere, iruditegia berritzeaz gain, ikasturte osoan zehar hainbat ekintza eramango dituzte aurrera. Jarduera guztiak familiekin elkarlanean egingo dira, eta helburu nagusia auzora zabaltzea izango da: "Eskola hau herritarrena eta herriarentzat izango da beti".
Alde batetik, bost hamarkada hauetan zehar ikastetxean izandako aldaketak jasoko dituen museo bat sortuko dute eskolan bertan. Besteak beste, 50 urteetan hezkuntzan erabili izan diren materialak, erremintak eta aparailu teknologikoak izango dira ikusgai.
Bestalde, Judimendi eskolak egiten duen bezala, bigarren eskuko azoka bat ospatuko dute udaberri partean. "Bertan, familiek, artisauek eta auzotarrek haien arropa, objektu edota bitxikeriak saltzeko aukera izango dute", azaldu dute.
Azkenik, ospakizunari amaiera polit bat emateko, festa handi bat egingo dute ikasturtearen amaieran, musika, jolasak eta parte hartzea ardatz. Izan ere, eskerrak eman nahi dizkiete "urte hauetan guztietan gure eskolari nolabaiteko ekarpena egin dioten pertsona guztiei: irakasle, ikasle, hezitzaile, garbitzaile, udaletxeko langile, familia, kanpo eragile eta abarri".