Gasteizko tranbiaren lan gatazka, konpontzear

Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 15:00

Elkarretaratzea Eusko Legebiltzarraren aurrean, asteazkenean. Argazkia: Mikel Buruaga / ALEA

Euskotreneko zuzendaritzak langileen aldarrikapen nagusiak onartu ostean, LAB eta CCOO sindikatuek deitutako lanuzteekin jarraitu ala ez erabakiko dute ostiral honetan, langileen bi asanbladaren bitartez.

Gasteizko tranbiako langileen eta Euskotreneko zuzendaritzaren arteko negoziazioak 2022ko irailean hasi ziren. Hala ere, aurtengo apirilaren 11n tranbia Salburua auzoraino hedatu zenetik, "inposatutako lan txandak" dituztela salatu izan dute langileek. "Lan txanda horiek iraupen luzea, lan karga handia eta denbora gutxiko etenak dituztenez, estresa eta segurtasunik eza eragiten dute", azaldu dute.

Egoera horren aurrean, maiatzaren 26an egindako greba egunaren ostean, lau orduko bederatzi lanuzte gehiago deitu dituzte ekainean, hilaren 6an, 7an, 8an, 9an, 12an, 13an, 14an, 15ean eta 16an, orain arte ez baitute "inolako komunikaziorik" izan enpresaren aldetik. Lehen greba egunean, jarraipena %100ekoa izan zen; azken egunetako lanuzteetan, berriz, %74 inguruk egin zuten bat lanuzteekin.

Akordioa "gertu" zegoela iragarri ostean, ostegun honetan, hilaren 8an, arratsaldean zabaldutako ohar batean, LAB sindikatuak jakitera eman zuen ostiral honetan langileen asanbladara eramango dutela lanuzteekin jarraitu ala ez erabakitzeko eztabaida.

Aldarrikapen nagusiak gidaldiak murrizteko eta atsedenaldiak hobetzeko neurriak ziren, eta, antza denez, hurbilpen bat eman da sindikatuen eta zuzendaritzaren artean: "Enpresak proposamen berri bat egin du, eta positibotzat jo dugu bilera honetan izan duen negoziatzeko jarrera. Hasieratik jarrera hori bera izan balu, gatazka ez zatekeen une honetan dagoen bezala enkistatuko", azaldu du LABek. 

Lanuzteak

Ziurrenik, datozen orduetan bertan behera geratuko dira lanuzteak, baina sindikatuek ofizialki baieztatu bitartean, deialdiak martxan jarraitzen dute. Euskotrenek %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Hurrengo egunetan, astelehenetik ostiralera, honako ordutegi hauetan izango lireteke lanuzteak (bi ordu goizez eta bi arratsaldez), eta egun bakoitzeko gutxieneko zerbitzuak hemen kontsulta daitezke:

  • Ekainak 12, astelehena: 08:30etik 10:30era eta 16:00etatik 18:00etara.
  • Ekainak 13, asteartea: 07:30etik 09:30era eta 15:00etatik 17:00etara.
  • Ekainak 14, asteazkena: 08:00etatik 10:00etara eta 15:30etik 17:30era.
  • Ekainak 15, osteguna: 08:15etik 10:15era eta 16:15etik 18:15era.
  • Ekainak 16, ostirala: 07:45etik 09:45era eta 15:15etik 17:15era.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago