Kalean da 'Gorri eta borobila' ipuin ilustratua

Mikel Buruaga 2023ko eka. 7a, 13:00
Mikel Larretxi egilea, Mara-Mara liburu-dendan egindako aurkezpenean. Mikel Buruaga / ALEA

Larunbatean, Mikel Larretxi idazleak eta Cristina Achiaga ilustratzaileak liburua aurkeztuko dute Falerina Tabernan, zeinu-hizkuntzako interpretazioarekin. Astrolibros, Mara-Mara eta Zuloa liburu dendetan eskuratu daiteke jada.

Asteburu honetan, Kaldearte erakustaldiaren XVII. edizioak kaleko arteez beteko ditu Gasteizko kaleak, 70 ikuskizun baino gehiagorekin. Baina, horrez gain, programazio nagusitik kanpo bada ere, askotariko kultur ekitaldiak izango dira; adibidez, Gorri eta borobila ipuin ilustratuaren aurkezpena.

Izan ere, larunbatean, ekainaren 10ean, Mikel Larretxi idazleak eta Cristina Achiaga ilustratzaileak Falerina Tabernan aurkeztuko dute liburua, 12:00etatik aurrera. Ipuin kontalaritza, inprobisazioa, ilustrazioa —Achiaga bertan izango da marrazten— eta malabareak uztartuko dituzte ordu erdi inguruko ikuskizunean. Gainera, Ines Argomaniz zeinu-hizkuntza interpretatzailearen laguntza izango dute, aurkezpena irisgarriago egiteko eta, bide batez, beste ikuspegi batetik eskaintzeko.

Keltxo pailazioaren eta Kio bere txakurraren istoriotik abiatuta, Gorri eta borobila ipuinak emozioen kudeaketa lantzen du elementu bereizgarri baten galeraren aurrean; kasu honetan, pailazoaren sudurraren galera. "Hala ere, gure bizitzan zehar bizi ditugun galeretara estrapolatu daiteke: inolako mozorrorik jantzi beharrik gabe, benetan garen bezalakoak izatearen garrantzia", aldarrikatu du Mikel Larretxi ipuinaren egileak.

Keltxo eta Kio Antoine de Saint-Exupéryk Printze Txikia-n oihukatu zuena gogoraztera datoz, ipuin ospetsu hori inspirazio iturri gisa baliatu baitu Larretxik: "Bihotzarekin bakarrik ikusten da ondo; funtsezkoena ikusezina da begietara".

Ipuinetik, audio-liburura

Baina Gorri eta borobila, ipuina izateaz gain, audio-liburu bilakatzeko hautua egin du Mikel Larretxik, eta ale bakoitzaren barruan horretara sarbidea ematen duen QR kode bat topa daiteke. "Ipuina elementu politez inguratzeko gogoz sortu zen ideia", azaldu du egileak.

Horretarako, hiru bidelagun gehiago batu ditu sormen prozesura: Ane Gebara ipuin kontalariak bere ahotsa jarri dio istorioari —Hala Bedi irratiko estudioetan—, eta Larretxik berak zenbait pertsonaia interpretatu ditu; Larretxiren laguna den eta zinemagintzaren munduan dabilen Gindi Auzmendi soinu diseinatzaileak, berriz, Gebararen ahotsa soinu-bandaz jantzi du, soinu-efektuak eta musika baliatuta. Azkenik, hori guztia gorritu eta borobildu dute Javi Sevillaren Black Cat Studios estudioetan.

 

Ipuina tresna pedagogiko gisa

Mikel Larretxi (Gasteiz, 1990) Haur Hezkuntzako irakaslea da Urkide ikastetxean, eta hamar urte baino gehiago daramatza arlo horretan lanean. Azaldu duenez, ipuin ilustratuak dira bere tresna pedagogiko erabilienetako bat: "Inprobisatzea gustatzen zait, irudimenari bidea ematea, uste ez nituen bideak ibiltzea... Nire ikasleak bidelagun leialenak dira bide magiko honetan", komentatu du.

Hain zuzen ere, horrela jaio zen ipuin ilustratu hau sortzeko ideia, "ikasgela batean, malabare jokoz inguratuta, klaseko haurrekin pailazo batek galdutako sudurra nola berreskuratu planteatzen". Istorioaren hitzak paperera eramanda, ilustrazio batekin lagundu behar zitzaion, eta puntu horretan agertu zen, "bilaketa prozesu baten ondoren", ipuina irudietara eraman duen pertsona: Cristina Achiaga ilustratzailea. "Marrazki bakoitzean mimo, maitasun eta profesionaltasun handia erakusten duen ilustratzailea da", azpimarratu du Larretxik.

https://alea.tok-md.com/argazkiak/BvB/GorriEtaBorobila_Paginas_6y7.jpg
Ipuinean aurkituko diren ilustrazioetako bat.
Egilea: CRISTINA ACHIAGA

 

Jada liburu dendetan

Gorri eta borobila ipuin ilustratua dagoeneko eskuratu daiteke Astrolibros, Mara-Mara eta Zuloa liburu dendetan, 15,95 euroko prezioan. Eta larunbatean, Falerina Tabernako aurkezpenean bertan erosteko aukera izango da ere. Baina bizkor ibiltzea komeni da; izan ere, Larretxik ALEAri azaldu dionez, argitaratu dituzten 600 aleen erdia baino gehiago saldu egin dute jada, egun gutxitan.

"Bihotz handiz egindako lan hau orain dela urte luze bat hasi zen ibiltzen", azaldu du. "Bide horretan mota guztietako mementuak bizi izan ditugu, baina beti irribarre erraldoi askoren artean. Hasieratik sinergia eta konplizitate handia sortu zen hitzak marrazki bihurtzeko. Amets bat zena, ipuin bilakatu da".

Larretxik ipuinaren formatuarekiko "maitasunetik eta pasiotik" sortutako proiektua dela aldarrikatu du. "Adina edozein izanda ere, ipuin bat amesteko tresnarik politena da. Kolorez betetako bizitza baten alde egindako proiektua".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide