Kaldeartek 70 ikuskizun baino gehiago eskainiko ditu ekainaren 8tik 11ra

Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 09:30
Harrobia Dantza Bertikalaren 'Dendu' ikuskizuna. Argazkia: HARROBI.eus

Bertako zein nazioarteko 35 konpainiak parte hartuko dute Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiaren XVII. edizioan. Armentiako basoa, Memoriaren Plaza eta Europa Jauregia bezalako agertoki berriak izango dira aurten.

Lau egunez, ekainaren 8an, 9an, 10ean eta 11n, ostegunetik igandera bitartean, ospatuko da aurtengo Kaldearte, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia.

Guztira 35 konpainia izango dira XVII. edizio honetan: Arabako sei, Euskal Herriko hamar, Espainiako Estatuko hamahiru eta beste herrialdeetako sei. Eta kaleko arte diziplina guztietako 71 ikuskizun eskainiko dituzte; horietako bi estatu mailako estreinaldiak, beste bi estreinaldi absolutuak, eta beste sei Kaldearteren ekoizpenak (beste batzuekin batera).

Konpainia kopurua, aurrekontua eta ordutegi tarteak handituta, ikuskizunak hiriko 22 espaziotara iritsiko dira, eta horietako batzuk lehen aldiz izango dira Kaldearteko agertoki: adibidez, Armentiako basoa, Memoriaren Plaza edo Europa Jauregia batuko zaizkie Santa Barbara plaza, Foru plaza, Andre Maria Zuriaren plaza, Probintzia plaza, Arka plaza, Santa Maria plaza, Aihotz plaza, Florida parkea, Zulueta Jauregia, San Frantzisko Aldapa edo Falerina Lorategia bezalako espazioei.

Aperitibo gisa, lehen ikuskizuna ekainaren 8an eskainiko dute, ostegunean: Orain-Bi konpainia gasteiztarraren Mute ikuskizuna, 19:00etan San Kristobal auzoko Txirula plazan. Hala ere, hainbat ikuskizunen ostean, inaugurazio ofiziala hilaren 9ko gauean iritsiko da: 23:00etan, Artium Museoaren kanpoko fatxadan, Harrobia Dantza Bertikala konpainiak Dendu ikuskizun boteretsua antzeztuko du, Oreka TX-en zuzeneko musikak lagunduta. Txalapartaren erritmoan egindako dantza bertikaleko ikuskizuna ikusteko bigarren aukera bat egongo da larunbatean, hilaren 10ean, ordu berean.

Lau egun, dozenaka ikuskizun

Denetarik izango da lau eguneko programazioaren barruan: zortzi metroko altueran trapezioarekin eta malabareekin egingo duten ikuskizuna, alegiazko animalien artean basoan zehar egingo den ibilaldia, ametsen koloretako tela zuriz forratutako parkea, aurrez ikusita zegoen moduan amaitu ez zen ezkontza, dantza ikuskizun handiak, zirku karpa bat, koprodukzioak, Max Sariak jaso dituzten konpainiak...

Aurtengo edizioak Kaldearteren nortasun ezaugarri nagusiei eutsiko die: "Erraz ezagutzeko moduko programazio eskema, Europa osoan arrakasta izaten ari diren ekoizpenak, Euskadiko eta tokiko kaleko sorkuntzari emandako babesa, modu esklusiboan edo batez ere emakumeek osatzen dituzten konpainien protagonismo handia, euskarazko ikuskizunen presentzia handiagoa, ikuskizun eszeniko inklusiboak…", azpimarratu dute antolatzaileek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide