Astelehen honetan, Udaltzaingoak 88 urteko gizonezko bat atxilotu du sexu eraso delituaren ustezko egilea zelakoan. 13:30ak aldera, Konstituzio plazan, zerbitzuz kanpo zegoen agente batek emakume bat ikusi zuen gizon batengandik ihes egin nahian; antza denez, ustezko erasotzailea ukituak egiten eta musukatzen ari zen.
Udaltzaina bien artean sartu zen, eta uniformedun polizia bertaratzeko eskatu zuen. Emakumeak bertaratutako udaltzainei azaldu zienez, Antso Jakitunaren kaletik jarraitu zion gizonezkoak, "modu oso zakarrean piropoak botaz"; eta gero ukituak egiten eta musukatzen aritu zitzaion. Emakumearen adierazpenak entzunda, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten.
Genero indarkeria
Bestalde, joan den asteburuan indarkeria matxistagatik atxilotutako hiru gizonezkoei beste bat gehitu zaie azken orduetan. Izan ere, astelehenean Udaltzaingoak 22 urteko gazte bat atxilotu du Alde Zaharreko lonja batean, Errementari kalean, bikotekideari egindako eraso delituaren ustezko egilea gisa.
Emakumeak udaltzainei azaldu zien gizonezkoak aurpegian kolpatu zuela. Ondoren, biktima eta udaltzainak erasoa gertatu zen lonjara joan ziren, eta kanpoan lekuko batekin hitz egin zuten –gertuko bulego bateko langilea–. Lekukoak laguntza eskatzeko oihuak entzun zituela eta emakumea atera ahal izateko inguruan zebiltzan pertsona batzuek hesia igo zutela ikusi zuela azaldu zien agenteei.
Udaltzainek lonjaren barruan topatu zuten ustezko erasotzailea, eta bertan atxilotu egin zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.