Maialen Mazonen hilketa matxistatik astebete pasatxo baino ez denean igaro, Gasteizko Udalak astelehen honetan jakitera eman du asteburuan zehar beste hiru gizonezko atxilotu dituela indarkeria matxistagatik.
Lehenengo atxiloketa ostiral arratsaldean izan zen. Udaltzainek 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bere bikotekidearen eta semearen aurkako eraso delitua egotzita. Ustezko erasoa 14:45ean gertatu zen Zabalgana auzoko etxebizitza batean, eztabaida gogor batekin lotuta. Udaltzainak etxebizitzara joan ziren, eta biktimak eta haren semeak, adinez nagusiak, ireki zieten atea. Biek adierazi zuten gizonak eraso egin ziela. Erasotzailea etxetik kanpo zegoen, eta harekin harremanetan jarri ostean topatu zuten. Gizonezkoaren eta lekuko baten bertsioa entzun ostean, udaltzainek atxilotu egin zuten.
Igandean, berriz, udaltzainek 32 urteko gizonezko bat eta 23 urteko emakumezko bat atxilotu zituzten eraso delitu baten ustezko egileak zirelakoan, genero indarkeriarekin eta etxeko indarkeriarekin lotutako delituak egotzita, hurrenez hurren. Kasu honetan, Koroatzea auzoko (Errota) etxebizitza batean gertatu zen guztia: antza denez, bikote eztabaida gogor batean, elkarri eraso egin zioten biek. Erasoaren markak zituzten biek, eta, gertatutakoa eta inplikatutakoen adierazpenak ikusita, udaltzainek biak atxilotu zituzten. Astelehenean eramango dituzte epailearen aurrera.
Hirugarren atxilotua 39 urteko gizonezko bat izan da. Udaltzainek igandean atxilotu zuten genero indarkeria egotzita, ustez bikotekideari erasoa egiteagatik. Emakume batek 092 zenbakira dei egin zuen, Aranbizkarra auzoko bere etxean poliziaren laguntza eskatzeko. Bikotea banantze prozesuan dago, eta senarrak etxean sartu nahi zuen; udaltzainek eskailera-buruan topatu zuten, mozkortuta. Biktimak udaltzainei jakinarazi zien senarrari beldur ziola, aurretik ere hainbat aldiz eraso egin ziolako. Gertatutakoa ikusita, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten, eta astelehenean geratuko da epailearen esku. Biktima, berriz, Agirrelandako polizia-etxera lagundu zuten, salaketa jar zezan.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.