Indarkeria matxistak Euskal Herria kolpatu du berriz ere, Orioko hilketa matxistatik egun gutxi batzuetara. Igande honetan, emakume baten gorpua aurkitu zuten Gasteizko apartahotel batean, indarkeria zantzuekin. Hasiera batean "hipotesi guztiak zabalik" zeuden arren, 17:00ak aldera, Ertzaintzak baieztatu zuen indarkeria matxista kasu bat zela eta biktimaren bikotekide ohia bilatzen ari zirela.
Azkenik, Ertzaintzak eta Guardia Zibilak 34 urteko gizonezkoa atxilotu zuten Zaragozan, AP-68an, taxi batean ihes egiten ari zela, hilketa matxistaren ustezko egiletza egotzita. Biktima 32 urteko gasteiztarra zen, eta Maialen zuen izena. Bikiez haurdun zegoen, eta logelan hiru urteko alaba ere bazegoen; une honetan zaintza medikoan dago, osasun oneko egoeran.
Emakumea "muturreko arriskuko biktima" gisa katalogatuta zegoen, eta ustezko hiltzaileak urruntze agindua zuen ezarrita Torremolinoseko epaitegi baten eskutik.
Ertzaintza, jakinaren gainean
Astelehen honetan Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azaldu duenez, Ertzaintzak urtarriletik ezagutzen zuen kasua, eta bazekien gizonezkoa urruntze agindua urratzen ari zela; gutxienez, bi aldiz. Hala ere, ez zuten atxilotu, ezta galdekatu ere.
Biktima, ordea, bi aldiz elkarrizketatu zuten ertzainek: "Genero indarkeria espediente bat zegoela berretsi zuen, baina adierazi zuen ez zuela erasorik edo arriskurik sentitzen, eta, beraz, harremana mantentzea eta urruntze agindua desagertzea nahi zuela", azaldu du sailburuak. "Harreman mota horietan biktimak ez du ikusten babestua izateko premiarik, eta ez da erraza arriskuan sumatzen ez den biktima bat babestea", gaineratu du.
"Nazkatuta gaude"
Gasteizko Mugimendu Feministak 2023an Euskal Herrian gertatutako bigarren hilketa matxista salatzeko mobilizazioa deitu du astelehen honetan, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren protokoloa aktibatuta. Ehunka pertsona bildu dira 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan, "samina eta elkartasuna" adierazi die Mugimendu Feministak Maialen eta bere haurraren familia eta lagunei: "Besarkada estua bidaltzen dizuegu une latz eta gogor hauetan".
"Nazkatuta gaudela ozen aldarrikatu nahi dugu. Indarkeria matxista ahalbidetzen duten jarrera konplize guztiekin amaitzea eta erasotzaileei aurre egitea jendarte osoaren ardura izan behar du. Bada garaia, beraz, aurrera urrats handiagoak emateko norabide horretan eta bakoitzak bere esparrutik dagokion ardura har dezan".
"Indarkeria patriarkalak hainbat dimentsio ditu, umeen kontrako biolentziara ere zabalduz", ohartarazi dute. Horrekin batera, Maialenek bizi izan duen "babesgabetasun egoera" kritikatu dute, "arrisku kategoria berrezartzean larritu dena".
Horren guztiaren aurrean "ikuspegi feministaren" beharra aldarrikatu dute, baita "prozesu osoan zehar kalitatezko babesa eta baliabideak" martxan jartzeko beharra ere. "Ez dugu onartuko biktimizazioa erreproduzitzen duten irakurketa misoginorik ezta errua gugan jartzen duen esku garbiketarik. Josu Erkoreka, zuen burua zuritzen denbora eman baino, protokoloak errebisatu, zerk egin duen huts identifikatu, neurri eraginkorrak martxan jarri eta instituzioetatik alde batera utzi ezin duzuen erantzukizuna zuen gain hartu: erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea".
"Indarkeria matxista ez du etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte, indarkeria hau sistema zisheteropatriarkalaren ondorioa baita", adierazi du Mugimendu Feministak. "Feminismoaren bidea da soilik gizartea errotik aldatuko duena. Autodefentsarako deia egiten dugu, feministak batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea".
Udalaren gaitzespena
Halaber, astelehen goizean elkarretaratze instituzionala egin dute Plaza Berrian. Udalbatzak, Gorka Urtaran jarduneko alkateak eta erakundeetako zein jendarteko ordezkariek hilketa matxista gaitzetsi dute, eta "babesa eta gertutasuna" helarazi diote biktimaren inguruari. Adierazpen instituzional bat plazaratzeaz gain, Udalak Mugimendu Feministaren mobilizazioekin bat egitera deitu du.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.