Kirol Tabernari boikota egitera deitu dute: "Lan jazarpen gehiagorik ez!"

Erredakzioa 2023ko eka. 5a, 11:30

Kirol Tabernan lan jazarpena salatu zuen langile bati babesa emateko elkarretaratzea egin du Langile Autodefentsa Sareak. Nagusiak langileari zor zion dirua emateari uko egin diola eta sarearen aurkako salaketa jarri duela ohartarazi dute.

Aurtengo apirilean, Kirol Tabernako langile batek lan jazarpen kasu bat salatu zuen, Gasteizko Langile Autodefentsa Sarearen (LAS) eskutik. LASen arabera, Aiztogile kaleko ostalaritza establezimenduko jabe eta nagusiak langilea kaleratu eta ordubetez giltzapetu zuen bere lan baldintzen urraketak salatu eta egun batean planto egiteagatik.

Egun batetik bestera bidalitako ordutegiak, bere kategoriakoak ez ziren funtzioak betetzea soldata baxuago baten truke, laneguna hitzartutakoa baino beranduago amaitzea eta ordainketen atzerapena ziren, besteak beste, bertan lanean izan zen hilabeteetan jasandako lan eskubideen urraketak, LASen arabera.

Langilearen eskutik kasuaren berri izan zuenetik, Kirol Tabernaren aurkako kanpaina bat jarri zuen martxan Langile Autodefentsa Sareak. Alde batetik, gertatutakoa publikoki salatzeko; bestetik, nagusiak langileari zor zion dirua lortzeko "bitarteko legalak" abiatuz. Une honetan epaitegien esku dago auzia, epaiketaren zain.

Nagusiaren "jarrera oldarkorra"

Joan den ostiralean, ekainaren 2an, LASek eta Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu zuten, 19:00etan Aiztogile kaleko sarrerako Faroloian. Bertan, Kirol Tabernako nagusiak azken asteetan erakutsitako "jarrera oldarkorra" salatu zuten, kasuaren inguruko azken nobedadeen berri ematearekin batera.

"Langileari zor zion dirua emateari uko egin dio, jarritako propaganda kendu, kalera begira kamara bat jarri eta Langile Autodefentsa Sarearen aurkako salaketa jarri du", ohartarazi dute.

Horren aurrean, "lan jazarpenen aurrean antolatzeko beharra" aldarrikatu dute, "jabeen inpunitatearekin amaitzeko bidean". Horrez gain, lan jazarpenak gauzatzen dituzten enpresen jarduna "ez normalizatzera eta ekonomikoki ez elikatzera" deitu dute. Gainera, gogorazi dute "hau ez dela Kirol Tabernako langileek jasandako lehen lan jazarpen kasua", 2018ko abenduan emakume talde batek egindako salaketari erreferentzia eginez.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide