Ez da lehenengo aldia Gasteizko Aiztogile kaleko Kirol Tabernak polemika pizten duela. 2018ko abenduan, ostalaritza establezimenduari boikot egitera deitu zuen emakume talde anonimo batek. Hala Bediren bitartez zabaldutako ohar batean, eta baita beranduago argitara ateratako testigantzetan ere, "jazarpena", "esplotazioa", "nominen atzerapena", "mehatxuak", "ukitzeak" eta "kolpeak" leporatu zizkioten orduan tabernako nagusiari.
Lau urte eta erdi beranduago, tabernako nagusiaren aurkako salaketa berri bat atera da argitara. Oraingoan, Mugimendu Sozialistaren parte den Gasteizko Laneko Autodefentsa Sarea (LAS) izan da "lan jazarpen kasu larri bat" salatu duena. Ostiralean zabaldutako ohar batean LASek azaldu duenez, "lan eskubideen urraketak guztiz ohikoak" izan dira langilea tabernan lanean ibili den hilabeteetan zehar.
"Egun batetik bestera bidalitako ordutegiak, bere kategoriakoak ez ziren funtzioak betetzea soldata baxuago baten truke, laneguna hitzartutakoa baino beranduago amaitzea, ordainketen atzerapena... Egoeraz nazkatuta, eta martxoko soldataren ordainketa berriz atzeratzen zela ikusita, langileak bere lanpostutik alde egin zuen adostutako orduak bete zituenean", azaldu dute oharrean.
"Bere lan eskubideen urraketei emandako erantzunaren aurrean, bueltatu zen hurrengo egunean, nagusiak langilea tabernan giltzapetu zuen ordubetez, eta hortik egun gutxitara kaleratu egin zuen arrazoi faltsuak egotzita", ohartarazi du LASek.
Kirol Tabernaren aurkako kanpaina
"Ostalaritzako sektorean orokortuta dauden lan eskubideen urraketak dira pairatu dituen asko, eta, beraz, kasu hau ezin dugu modu isolatuan ulertu", azpimarratu dute. Hala ere, Kirol Tabernako kasua "gehiegikeria horien adibide esanguratsu eta larritzat" jo dute.
Gainera, gogora ekarri dute ez dela taberna horren aurkako lehen salaketa langileen aurkako praktikengatik: "Urteak pasa dira eta bere presentzia normalizatu egin da, langileenganako jazarpena aurrera eramaten jarraitzen duen bitartean. Horren adibide dira langilea giltzapetu izana, bere arroparen inguruan komentarioak egin izana edo langileen gainean daukan kontrola. Kamerak eta mikroak izateaz gain, bozgorailu batzuen bidez aginduak ematen baitizkie etxetik".
Horren aurrean, LASek "Kirol Tabernaren aurkako borroka bat" iragarri du; baita martxan jarri ere, asteburu honetan Aiztogile kalean zehar jarritako kartelek baieztatu dutenez. Kanpaina horren bitartez, alde batetik, "irregulartasun eta abusuen ondorioz langileari zor dion dirua itzularazteko" exijitu diote nagusiari, horretarako "beharrezkoak diren bitartekoak" martxan jarriko dituztela ohartaraziz. Bestetik, kasua bera salatzeari ekin diote, "nagusien biolentzia eta inpunitatearekin amaitzeko antolakuntzaren beharra" azpimarratzeko.
🔴#LanekoAutodefentsaSarea
— Kontseilu Sozialista Gasteiz (@Kontseilua_Gast) April 14, 2023
Lan jazarpen kasu larri bat Kirol Tabernan: langileak bere lan baldintzen eta eskubideen urraketei aurre egitean, nagusiak tabernan giltzapetu eta kaleratu egin du. pic.twitter.com/kj8BuqQPWl