Igande honetako eguerdian presazko ohar baten bidez jakitera eman duenez, Ertzaintza Gasteiz Etorbideko Libere apartahoteleko logela batean "indarkeria zantzuekin" aurkitutako emakume baten heriotza ikertzen ari da. Biktima gasteiztarra da, Maialen du izena eta 32 urte ditu; bikiez haurdun zegoen, eta logelan hiru urteko alaba ere bazegoen.
16:00etan "hipotesi guztiak" irekita zeuden, eta, Segurtasun Sailaren hitzetan, "ezin da hipotesi nagusirik aipatu"; 17:00ak aldera, berriz, Ertzaintzak baieztatu du kasua indarkeria matxista gisa ikertzen ari dela, Orion gertatutako hilketa matxistatik egun gutxitara.
Ustezko hiltzailea, biktimaren bikotekide ohia, Valentzian bizi da, eta kamerek larunbat gauean grabatu zuten hoteletik kalera ateratzen. Ertzaintzak, Guardia Zibilarekin lankidetzan, gaur arratsaldean atxilotu du 34 urteko gizonezkoa, hilketa matxista egotzita. Ustez, gaur arratsaldean ihes egin du EAEtik, eta Guardia Zibilak atzeman eta atxilotu egin du AP-68an, Zaragozan, taxi batean zihoala. Atxilotua laster eramango dute Gasteizko ertzain-etxera, beharrezko eginbideak egiteko; oraingoz, ikerketak zabalik jarraitzen du.
Emakumea "muturreko arriskuko biktima" gisa katalogatuta zegoen, eta ustezko hiltzaileak berarekiko urruntze agindua zuen ezarrita.
Antza denez, hilketa larunbat arratsaldetik igande goizera bitartean gertatu da. Hoteleko langileek aurkitu dute gorpua, eta berehala jakinarazi diote Ertzaintzari. Une honetan Ertzaintzaren patruila ugari daude apartahotelaren inguruan.
Gaur arte Gasteizko alkate Gorka Urtaran "atsekabetuta" agertu da Twitterren idatzitako mezu batean, "indarkeria zantzuak dituen emakume baten heriotzagatik". "Edozein indarkeria mota gaitzesten dut, batez ere emakumeek pairatzen dutena", adierazi du.
Gasteizko Mugimendu Feministak azken hilketa matxista salatzeko mobilizazioa deitu du astelehenean, maiatzaren 29an, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.