Juan Maria Uriarte hil da, Urteim sozietatearen jabea

Erredakzioa 2023ko maiatzaren 28a

Uriarte 'Erdigune Operazioaren' atzean zegoen enpresaria da. / Argazkia: GOOGLE EARTH

Gasteizko erdigunean 30 bat lokal zituen enpresaria larunbat honetan zendu da, 88 urte zituela. San Prudentzio, Dato eta General Alava kaleen arteko etxadiko proiektu komertziala gauzatu gabe dago gaur egun.

El Mundo egunkariak argitaratu duenez, Juan Maria Uriarte de Odriozola enpresari gasteiztarra eta Urteim sozietatearen jabea bart gauean hil zen, 88 urte zituela, azken hilabeteetan larriagotu egin zaion gaixotasun luze baten ondorioz.

Duela zazpi urte baino gehiago abian jarritako Erdigune Operazioaren bitartez, San Prudentzio, Dato eta General Alava kaleen arteko etxadiko lonja gehienak erosi ditu azken urteetan, Zabalgunerako merkataritza proiektu handi bat sustatzeko helburuarekin.

Urteim sozietatearen azken eragiketa Sabadell banku zaharraren lokala Udalari saltzea izan da, aurtengo otsailean. Eraberritutako Principal Antzokiaren bulegoak hartuko ditu lokalak, eta horretarako milioi bat euro inguru ordainduko du Udalak.

Nolanahi ere, Uriarteren heriotzak Erdigune Operazioaren ziurgabetasuna areagotu egin du, azken urteetan aurrerapausorik gabe izan ostean. Orain, zalantza da nork jasoko dituen bere jabetzak herentzian eta nola berreskuratuko den Gasteizko erdiguneko merkataritza jarduera. Enpresariak ez du seme-alabarik, eta bere senide gertukoenak bere anaia eta hiru iloba dira. 2013an "Eliza Katolikoaren eta ikerketa mediko eta zientifikoaren" mesederako fundazio bat sortu zuen.

Uriarte 1935eko abuztuan jaio zen, eta gerraosteko haur bat izan zen garai hartako Gasteizen. Hileta elizkizuna astelehenean izango da, 18:00etan San Pedro Apostoluaren elizan, Jesusen Zerbitzarien kalean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago