Principal Antzokia handitzeko Urteimen lokal bat erosiko du Udalak

Erredakzioa 2023ko ots. 1a, 19:00
Principal Antzokia; ezkerrean, Udalak erositako lokala. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak milioi bat euro baino gehiago ordainduko dio Urteim sozietateari San Prudentzio kaleko 27. zenbakiko lokala erosteko. 470 metro koadroko espazioa da, eta eraberritutako Principal Antzokiaren bulegoak hartuko ditu.

Ostiral honetan, Gasteizko Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak San Prudentzio kaleko 27. zenbakian dagoen higiezina erostea onartuko du. Hainbat negozio eta bulego izan dira bertan urteetan zehar (tartean, Banco Sabadell banketxea), baina 2020an, erdiguneko higiezinak metatzeko operazioaren barruan, lokala Juan Maria Uriarteren Urteim sozietatearen eskuetan gelditu zen.

Orain, Principal Antzokia zaharberritzeko eta handitzeko proiektua aurrera atera ahal izateko, Udalak 1.092.004,42 euro (zergak aparte) ordaindu beharko dizkio Urteimi, lokala kultura azpiegitura berriaren instalazioetara gehitzeko. Espazioak beheko solairu bat eta soto bat ditu; guztira, 470 metro koadro inguruko azalera.

Principal Antzokia berritzeko jardueren artean, erantsitako lokal bat eskuratzeko beharra hauteman zuen Udalak. "Antzokiak gabezia batzuk ditu bere adina, araudiaren bilakaera eta jasotzen dituen ikuskizunen bilakaera direla eta", azaldu du Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailak.

Horrela, antzoki berriaren bulegoak jarriko dituzte bertan, publikoari zein teknikari eta komertzialei arreta emateko gune gisa. Kaletik zuzeneko sarbidea izango du, kargak sartzeko tokiarekiko eta sarrera nagusiarekiko independentea. Halaber, gaur egungo bulegoek okupatzen duten espazioa libratzeko eta dantzarako eremu gisa erabili ahal izateko aukera emango du lokal berriak.

Bestalde, lokal berriaren sotoa biltegirako erabiliko dute, kargen sarbidearen ondoan dagoelako. Gainera, konpainientzat aldagelak eta kamerinoak ere bertan jarriko dituzte, gaur egun ez baitago halakorik.

Une honetan, erreforma proiektua idazteko lanak abian daude jada, eta Udala elkarlanean dabil Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin batera (Antzokiaren titularrak) beharrezko finantzaketa bermatzeko hitzarmena gauzatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide