Korterrazak 1.100 film labur baino gehiago jaso ditu

Erredakzioa 2023ko mai. 28a, 08:00
Iazko edizioan 12.000 ikusle inguru izan zituen jaialdiak. / KORTERRAZA

Uztailaren 20tik 22ra izango da aurten Korterraza film laburren jaialdia, Artiumen. MFC Chicken, Sex Museum, Rufus T. Firefly, The Soulbreaker Company, Kamikaze Helmets eta Memphis taldeek osatuko dute eskaintza musikala.

Korterraza aire zabaleko film laburren jaialdiaren XIV. edizioa uztailaren 20tik 22ra izango da, Artium Museoan. Hiriburutik kanpoko egitarauari dagokionez, Korterraza Araba zikloaren IX. edizioa ekaineko azken asteburutik irailaren hasierara arte luzatuko da. Horrez gain, abuztuaren 24an Korterraza Sensibiliza emanaldiaren txanda izango da, Artiumen; eta abuztuaren 31n, berriz, Korterraza Txikirena, Zumaia plazan.

Joan den astean itxi zuten izena emateko epea, eta jaialdia antolatzen duen Kultura Kalean Elkarteak jakinarazi du aurten 1.123 film labur jaso dituztela, iaz baino 150 gehiago. "Film labur asko eta oso onak", agindu dute. Ekainean zehar iragarriko dituzte aurtengo erakustaldia osatuko duten film laburrak; 40 lan inguru izango dira, betiere Arabako zinemagintzaren presentzia handiarekin.

Hiru egunetan, 22:00etatik aurrera film laburrak ikusi ahal izango dira, baina lehenago, 18:30etik aurrera, kontzertuak izango dira Artiumeko plazan.

Sei kontzertu

Aurten arituko diren sei taldeak baieztatu dituzte jada: MFC Chicken, etengabe mugitzeko kontzertu oso dibertigarriak eskaintzen dituen garage eta rock and roll talde ingelesa; Sex Museum, Espainiako Estatuko rockaren erreferentea; Rufus T. Firefly, eszena independentearen azken urteetako talde interesgarrienetako bat; Kamikaze Helmets, Kike Parrak eta Gabri Casanovak osatutako rock taldea, Gasteizen hain ezaguna ez bada ere, publikoa harritu egingo duena...

Eta Arabako musika taldeen ordezkaritza bi talderen esku geldituko da: The Soulbreaker Company, bere 20. urteurrena ospatzen ari den talde sagaratua; eta Memphis, 2020an Gazte Talent lehiaketa irabazi eta 2021ean Money Gods bere lehen diskoa argitaratu ostean, zuzeneko indartsuarekin bere lekua hartzen ari den rock talde gasteiztarra.

Data zein ordutegiei dagokionez, honako hau izango da egitarau musikala:

  • Uztailaren 20an, ostegunean:
    • 18:30 The Soulbreaker Company
    • 20:00 Rufus T. Firefly
  • Uztailaren 21ean, ostiralean:
    • 18:30 Kamikaze Helmets
    • 20:00 MFC Chicken
  • Uztailaren 22an, larunbatean:
    • 18:30 Memphis
    • 20:00 Sex Museum

Sariak

Aurten jaialdiak 8.000 euro inguru banatuko ditu saritan. Aurreko edizioetan bezala, hautaketagatik eta ikusle kopuruagatik ere ordainduko du, epaimahaiaren eta publikoaren ohiko sariez gain:

  • Alex Angulo eta Keler Sariak: Sail Ofizialeko film labur onenak.
  • Publikoaren Laboral Kutxa Saria: ikusleek aukeratuko dute, beren botoekin.
  • Eleyco Taldea Saria: komedia onena.
  • Bertako Igogailuak - Euskara Saria: euskarazko film labur onena.
  • Korterraza Txiki - El Correo Saria
  • Sensibiliza Saria
Erlazionatuak

Aire zabaleko laburrak, bueltan

Erredakzioa 2023 mar 01 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide