Korterraza film laburren aurtengo jaialdian parte hartzeko aukera ireki dute aste honetan antolatzaileek. Maiatzaren 18ra arte aurkeztu ahalko dira lanak, eta, orotara, 8.000 euro banatuko dituzte sarietan.
Antolatzaileek iragarri dute Gasteizen izango diren sei kontzertuetako bat: Sex Museum taldea arituko da. 2019an egin zuten kontzertuaren arrakasta errepikatzeko esperantza agertu dute.
Emanaldiei dagokionez, ohi bezala, bi edizio egongo dira. Gasteizen egingo dute hamalaugarrena, Artium Museoan, uztailaren 20tik 22ra. Arabako edizioari dagokionez, bederatzigarren edizioa izango da, ekaineko azken asteburuan hasi eta irailaren hasierara arte.
Gasteizen, sei kontzertu egongo dira orotara. Horiekin batera Korterraza Sensibiliza eta Korterraza Txiki egingo dituzte. Lehen ekimenaren bitartez gai sozialak lantzen dituzten laburrak emango dituzte. Bigarrenarekin, besteak beste, umeei zuzendutako ipuin kontakizunak emango dituzte Zumaia plazan. Iaz 700 familia inguru hurbildu zirela nabarmendu dute antolatzaileek.
Kultura Kalean Elkarteak mila labur inguru biltzeko aurreikuspena du. Horietatik guztietatik, 50 bat aukeratuko dituzte arabarrei aurkezteko. Edizio honetan espero dute "iaz lortutako mailari eustea, publikoak istorio handiekin goza dezan", jaialdiko zuzendari Xabi Vitoriaren hitzetan.