Alde Zaharreko bi bizilagun etxegabetu dituzte Zapatari kalean

Erredakzioa 2023ko mai. 26a, 19:00

Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak jakitera eman duenez, Zapatari kalean berrakuratutako gela batean kontraturik gabe bizi ziren bi kide etxegabetu dituzte. Gisa horretako etxegabetzeak "ohikoak eta oihartzunik gabekoak" direla ohartarazi dute.

Etzi, igandean, udal eta foru hauteskundeak ospatuko dira Araban. Gaur, maiatzaren 26an, indarrean sartu da Etxebizitza Lege berria. Testuinguru horretan, egun berean, Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak Gasteizko Alde Zaharreko bi bizilagunen etxegabetzearen berri eman du.

Azaldu dutenez, etxegabetutako bi pertsonak Auzoan Biziko kideak dira, eta bi hilabete zeramatzaten Zapatari kaleko 20. zenbakian berrakuratutako gela batean bizitzen. Kontraturik egiten ez bazieten ere, hilabetero ordaindu izan diote berrakuratzaileari. "Jabeak, ordea, argia eta errolda kendu zien eta bertatik alde egiteko mehatxatu", ohartarazi du Auzoan Bizik.

Horrez gain, Atzerritartasun Legearen eta "etxejabe zein higiezin-agentzien filtro arrazistaren" ondorioz, "ez dute bertan geratzea beste aukerarik izan". Izan ere, Atzerritartasun Legeak lan egiteko baimena ukatzen die, eta, ondorioz, ezin dute lan egin; beraz, etxebizitza merkatura sartzeko zailtasunak dituzte. "Aukera bakarra errolda zein kontraturik gabeko berrakuratzea izaten da", deitoratu dute.

Egoera horretan, ostiral eguerdian, 12:30ak aldera, polizia, sarrailagilea eta Gasteizko Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren ardura duen epaitegiko ofizial bat agertu dira etxegabetze aginduarekin, aldez aurreko "inongo abisurik gabe". Auzoan Biziren arabera, kideek ez zuten inongo prozesu judizialaren berririk, eta "alternatibarik gabe kale gorrian" gelditu dira.Gaurko eguneko 12: 30ean, Vitoria-Gasteizko Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren ardura duen epaitegiaren aginduz.

Horren aurrean, Etxebizitza Sareko kideak Larrialdietako Gizarte Zerbitzuetara gerturatu dira. "Bertan eman dieten aukera bakarra astelehenera arteko gaueko aterpea izan da", azaldu dute.

"Oihartzunik gabeko" etxegabetzeak

Gertatutakoaren aurrean, Auzoan Bizik ohartarazi du gisa honetako etxegabetzeak "ohikoak" diren arren, ez dutela oihartzunik: "Ez dira kontatu ere egiten, eta are gutxiago salatzen. Tamalez, inolako eskubiderik (errolda eta kontratua) gabeko berrakuratze eta etxegabetzeak ohikoak dira. Berrakuradunek alokairua ordaindu arren, ez dute inolako segurtasunik ez bermerik. Babes legalik gabe eta gizarte zerbitzuen aurrean inolako frogagiririk gabe geratzen dira", azaldu dute.

Halaber, ohartarazi dute Etxebizitza Lege berrian ere ez daudela kontenplaturik. "Bitartean, egoera zaurgarri honetatik etekina ateratzen duten etxejabe eta higiezinen agentziak ugariagotzen ari dira. Horregatik diogu etxebizitza merkantzia den bitartean ez dela eskubide izango. Guk, etxebizitza eskubide izan dadin borrokan jarraituko dugu. Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik", salatu dute.

Auzo elkartearen arbuioa

Bere aldetik, ohar baten bidez, Gasteiz Txiki auzo elkarteak etxegabetzea gaitzetsi du, eta "premiazko irtenbidea" exijitu du etxegabetutako bi pertsonentzako. "Ezin dugu ulertu bikote bati pertsona gisa garatzea bermatuko dien etxebizitza bat izateko eskubidea kentzea eta etxebizitza duin bat lortzeko aukerarik gabe kalean uztea", adierazi du auzo elkarteak.

"Elkartasuna adierazi nahi diegu auzokide bikoteari eta gure auzoan modu duinean bizi nahi izateagatik abusuak eta praktika mafiosoak jasan behar dituzten pertsona guztiei. Etxebizitza duina izateko eskubidearen alde, auzoa egiten jarraitzen dugu", adierazi du Gasteiz Txikik.

Bestalde, bizilagunen elkarteak ohartarazi du etxebizitzak "hezetasun, zikinkeria eta kalte ugari" zituela zoruetan eta hormetan.

Erlazionatuak

Gure bizitzak ala zuen jabetzak: ez dago erdibiderik

Erabiltzailearen aurpegia Etxebizitza Sindikatuen Sarea 2023 mai 08 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide