Hego Euskal Herriko hainbat etxebizitza sindikatu elkartu gara Gasteizen. Hiru urte inguru daramatzagu etxebizitzaren arazoari aurre egiten, bakoitzak bere auzo, herri zein hirian. Hala ere, ezagutzera eman nahiko genuke antolakuntza mailan aurrerapauso bat ematea erabaki dugula. Etxebizitzaren aldeko borrokak maila lokalean ezinbesteko garrantzia duen arren, argi dugu lokaletik haragoko jatorria zein eragina duela, eta, beraz, erantzuna ere horren neurrikoa izan behar duela deritzogu, eskalan handiagoa eta konplexuagoa.
"Etxebizitzaren aldeko borrokak maila lokalean ezinbesteko garrantzia duen arren, argi dugu lokaletik haragoko jatorria zein eragina duela"
Hori dela eta batu gara, Etxebizitza Sindikatuen Sarea ezagutzera emateko. Bakoitzak bere tokian tokiko borroketan buru-belarri jarraituko duen arren, aipatutako arrazoiak direla medio, gaurtik aurrera gure gertuko errealitatetik harago arituko den sarea aurkeztera gatoz, urrian ospatu genituen Etxebizitza Topaketetan adostu genuen bezala.
Esan bezala, eremu zabalago eta konplexuagoan antolatuko da sare hau, aipatutako eremua Euskal Herria dela identifikatuz; eta saretze konplexuagoari dagokionez, gure tokian tokiko borrokek ahalbidetzen ez diguten erantzun nahiz eragite maila zabalagoetara iritsi ahal izateko. Hortaz, norabide honetan kokatzen dugu gure lehen agerraldia, berriki onartutako Etxebizitza Legearen inguruko sindikatuon arteko irakurketa bateratua.
Etxebizitza Legearen mugak
Miseriak gero eta gehiago itotzen gaituen honetan, isolatuta nahi gaituzte, ezjakin eta desarmatuta. Baina hiru urte pasa dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan etxebizitza sindikatu eta sareak sortu ginela. Desjabetuon behar materialak asetzeko apustua egin genuela, autodefentsa tresnak garatuz, borrokarako baldintzak sortuz eta herri boterea eraikiz. Hiru urte hauetan zehar eskuak zikindu eta hamaika borroka eman ditugu, hainbat porrot eta zenbait garaipenekin, jarraitzeko behar adina indarra eman digutenak. Horregatik, pasa den astean onartutako Etxebizitza Lege berriaren aurrean gure irakurketa plazaratzeko elkartu gara.
"Etxebizitzak eskubide bilakatzeko merkantzia izateari utzi beharko lioke"
Etxebizitza Lege berria onartu zen aurreko astean. Koalizio gobernuak, ERCk eta EH Bilduk bultzatu eta lau haizetara iragarritakoa. Lege horri esker, "etxebizitza ez da negozioa izango, eskubidea baizik" bezalako adierazpen itxaropentsuak irakurri ahal izan ditugu komunikabideetan. Hori dela eta, akordio honen puntuetako batzuk aztertuko ditugu, zirrara justifikagarria ote den ikusteko. Spoiler: ezer ere ez; izan ere, etxebizitzak eskubide bilakatzeko merkantzia izateari utzi beharko lioke, baita jabetza pribatu kapitalista desagertu ere; mahai gainean dagoen erreforma elektoralista xume honetatik urruti, alegia.
Hala ere, lege berriak baditu zenbait hobekuntza eta aldeko ezaugarri batzuk 2022ko lege-aurreproiektuarekin alderatuta. Izan ere, hauek betearazteko erremintak ipiniko balira, klase desjabetuaren zati baten etxebizitzarako sarbidea hobetuko litzateke. Batzuk aipatzearren: etxebizitza-agentzien negozio lotsagarriari mugak ezartzea, jabeen gain eroriz kostuak maizterren mesedetan; "etxegabetze irekien" (data eta ordurik gabekoak) debekatzea, herri erantzuna eta elkartasuna saihesteko terrorismo instituzionalaren tresnetako bat; edo errentismoaren (etxebizitza merkatuaren subjektu nagusietakoa) gaitzaren gaineko esku-hartzea, "jabe handia" izateko irizpide lotsagarriak murriztuz, hamar jabetzatik bostera (hori bai, sinesgaitza badirudi ere, soilik "tentsio guneetan" betearaziko da).
Dena dela, kontzesio txiki hauek langile klasearen garaipentzat saltzen dizkiguten bitartean, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuetatik salatu nahiko genuke ez direla nahikoak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Are gehiago, gure klasearen gehiengoarentzat, arazoa areagotzen jarraituko luke.
"Sinesgaitza deritzogun beste auzietako bat turismoaren industriaren negozioa aipatu ez izana da"
Zentzu horretan, kontraesan agerikoena "alokairuen erregularizazioan" aurki dezakegu. Urteak dira, arazoa minimoki arintzeko eta espekulazioa mugatzeko, alokairuari sabaia jartzea proposatzen gabiltzala askotariko sindikatu eta mugimendu sozialetatik. Legeak, ordea, ez du horrelako ezer egingo, alokairuen prezioen igoerari sabaia jartzen baitie soilik (%2koa 2023rako eta %3koa 2024rako). Beraz, alokairuen prezioek igotzen jarraituko dute, baina modu "kontrolatuan". Hori guztia langile klasearen soldata erreala maldan behera doan krisi kapitalista fase baten baitan, gehiengoarentzat etxebizitza eskuratzea are nekezagoa izatea eragingo duena hain zuzen ere. Gainera, salbuespenak egongo dira, jabeek espekulatzen eta tranpak egiten jarraitzeko aukerak ahalbidetuz ("berritze lanak" egin direla adieraziz, alokairua %10ean igo daiteke, esate baterako).
Sinesgaitza deritzogun beste auzietako bat "turismoaren industriaren" negozioa aipatu ez izana da, etxebizitzaren espekulazioaren eta desjabetzaren eragile nagusietako bat, zalantzarik gabe. Testua "tentsio guneen" eta "tentsiorik gabekoen" arteko desberdintasunez ari da behin eta berriro (hau da, espekulazioaren ondorioz, etxebizitza merkatua "kontrolik gabe" dabiltzan guneak), eta ez da inongo neurririk hartzen auzo horietan "kontrol eza" eta "tentsioa" eragiten duen sektorearen aurrean: hotelen, pisu turistikoen, AirBnb-en, aldi baterako alokairuen eta abarren bitartez, gure auzoak gentrifikatzen zein turistifikatzen eta auzokideak kanporatzen ari den turismoaren industria, alegia.
"Negozio kapitalista eta burgesiaren irabazi tasa bermatzeko bidea izango da berriro ere etxebizitza berrien eraikuntza"
Legearen beste alderdi esanguratsuetako bat 100.000 etxebizitza eskuragarriren eraikuntza da, Espainiako Estatuan lau milioi etxebizitza huts dagoen bitartean; soilik Euskal Herrian 275.000. Datu horiei erreparatuta, argi dago etxebizitza eskuraezintasunak ez datzala horren faltan, jabetzaren animazioan eta banaketan baizik. Garapen eta krisi ekologikoaren testuinguruarekin talka egiteaz gain, negozio kapitalista eta burgesiaren irabazi tasa bermatzeko bidea izango da berriro ere etxebizitza berrien eraikuntza. Azken finean, elkarlan publiko-pribatuaren esanahia hurrengoa da: finantziazio publikoa (galeren sozializazioa) eta irabazi pribatuak (etekinen pribatizazioa).
Etxebizitza arazoa, eguneroko tragedia
Gehien kezkatzen gaituen beste aferetako bat ez da legeak bere baitan barnebiltzen duena, baizik eta ezkutatzen dituen errealitateak: gaur gaurkoz, etxebizitza arazoak pairatzen ditugunon gehiengoari muzin egiten baitio lege honek. Etxebizitzaren arazoak orokorrean langile klaseari eragiten badio ere, gure praktikak erakutsi digu desjabetuon geruza batentzat eguneroko tragedia bilakatzen dela problematika hau. Gehiengoa kontratu barik bizitzera behartuta gaude, errolda eskuratzeko ordaindu behar izatera, gehiegizko berrakuratze kontratuak onartzera eta instituzio zein higiezinen arrazakeriari aurre egitera, jabeengandik modu askotariko mehatxu eta indarkeriak jasoz.
"Lege berriak ez ditu geruza prekarizatuenak kontuan hartuko"
Gure hirietan ematen diren etxegabetzeen gehiengoa estatistika ofizialetan zenbatzen ez direla dio gure esperientziak. Hau da, ezkutuko etxegabetzeak dira, indarkeria horietatik eratorriak eta instituzioekin elkarlanean. Hori horrela, lege berriak ez ditu geruza prekarizatuenak kontuan hartuko, Atzerritarren Legearen ondorioak pairatzen ditugunak esaterako. Lege berriak ez du inongo eraginik izango jabeek maizterrongan dituzten botere harremanetan, eta indarkeria horiek guztiak bere horretan mantenduko ditu: hots, ikusezinak are ikusezinago izango dira eta ahotsik gabeen ahotsak oraindik eta gehiago isilaraziko ditu hauteskunde propagandaren ondorioz.
Eraginkortasuna zalantzan
Bukatzeko, lege berriak jasotzen dituen neurri positibo gutxi horiek izan dezaketen eraginkortasunak ere kezkatzen gaitu. Hego Euskal Herrian bi Etxebizitza Lege ditugu jadanik (EAEkoa eta Nafarroakoa), etxebizitza eskubidea bermatzeko eta horren negozioa mugatzeko asmoa adierazten dutenak; neurri horiek indarrean jartzeko erreminta zehatzik ezarri gabe. Borondate oneko adierazpenak eta funtsik gabeko propaganda besterik ez, beraz. Zentzu horretan, ikusteko dago jabeei, putre-funtsei eta higiezinen agentziei dagozkien betebeharrak betearazteko neurri zehatzak zeintzuk izango diren oraingoan, baita horiek ez betetzekotan ezarriko zaizkien zigorrak.
"Etxebizitzaren aldeko borroka desjabetuon lubaki bihurtzera goaz, tokian tokiko borroketatik, borroka komunetarako bidea elikatuz"
Hitz gutxitan esanda, Etxebizitza Lege berriak, "etxebizitza eskubidea bermatzearen" aldarri elektoralistetatik urrun, helburu argia du: langile klasea pobretzen jarraitzea, klase jabedunaren etekinak bermatuko dituen bitartean.
Horregatik guztiagatik, borroka honekiko gure konpromisoa berretsi nahi dugu. Badakigu etxebizitza eskubidearen konkistan aurrerapausoak emateko arma eraginkor bakarrak antolakuntza eta borroka direla. Isolatuta nahi gaituzte, ezjakin eta desarmatuta, baina honek ez dauka atzera bueltarik.
Desjabetuon behar materialak asetzen jarraituko dugu, amorruan antolatzen eta herri boterea eraikitzen. Etxebizitzaren aldeko borroka desjabetuon lubaki bihurtzera goaz, tokian tokiko borroketatik, borroka komunetarako bidea elikatuz.
Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.