ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuak Mercedesek Gasteizen duen fabrikako enpresa batzordearen %45 dira; 27 ordezkarietatik, hamabi. Hala ere, hitzarmen berriaren negoziazioetan tentsio handiko uneak bizitzen ari diren testuinguru batean, plantillaren haserreak greba ziklo bat merezi duela deritzote lau sindikatuek. Hortaz, lehen lanuzteak iragarri dituzte ostiral honetan, joan den asteko mobilizazio jendetsutik astebetera, "merezi dugun hitzarmenaren alde" lelopean.
CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek, berriz, uko egin diote greba bateratua deitzeari. Izan ere, multinazionalaren Espainiako zuzendaritzak astearte honetan egindako azken proposamena begi onez ikusi dute bi sindikatuek.
Lau greba egun izango dira, hiru ekoizpen txandetan —goizez, arratsaldez eta gauez—, eta datorren asteazkenean hasiko dira: maiatzaren 31n eta, ondoren, ekainaren 2an, 3an eta 5ean. Horrez gain, hilaren 30ean, asteartean, elkarretaratzea egingo dute fabrikaren sarreran, 13:00etatik 14:30era; eta 18:30ean manifestazioa abiatuko da Bilbo plazatik.
Langile zein sindikatuen aldarrikapen nagusia erosteko ahalmena eta KPIa berreskuratzea da, baina lanaldia murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta team building-a kentzea ere eskakizunen artean daude, baita osasuna babesteko eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere, bereziki adineko langileentzat.
Sindikatuen lehen proposamenak %27ko soldata igoera planteatzen zuen lau urteko epean. Multinazionalaren azken proposamenak %12 inguruko igoera baino ez du jarri mahai gainean: %5 2023an, %3 2024an, %2 2025ean eta beste %2 2026an.