Irudi ikusgarria utzi du gaur eguerdian Gasteizen, 13:00etatik 14:30era, Michelingo 600 langile baino gehiagoren mobilizazioak. Duela bi hilabete inguru hasi zen hitzarmen berriaren negoziazioa; zuzendaritzak eta sindikatuek estatu mailan negoziatzen dute, eta dagoeneko sei bilera egin dituzte.
Sindikatuen lehen proposamenak %27ko igoera planteatzen zuen lau urtean. Zuzendaritzak, berriz, %10eko igoera (KPIaren bermerik gabe) eskaini die, oraingoz, langileen ordezkariei. Elkarrizketak martxan daude oraindik, baina sindikatuek salatu dute enpresak "lehenbailehen" itxi nahi duela negoziazioa, eta horrek langileen haserrea piztu du.
Langileen ordezkariek erosteko ahalmena berreskuratzeko moduko soldata igoera exijitu dute, inflazioaren etengabeko igoeraren aurrean. Horrez gain, lanaldia murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea eta behin-behinekotasuna murriztea proposatu dute sindikatuek, baita osasuna babesteko eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak, bereziki adineko langileentzat.
Zuzendaritzari negoziatzera deitzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur, Gasteizen ez ezik, Aranda, Valladolid, Almeria eta Lasarteko lantokietan.