Sansomendi, Adurtza, Judimendi, Arana, Ariznabarra, Txagorritxu, Salburua, Zaramaga eta San Cristobal auzoetako jai batzordeek aurrera jarraitzen dute komun kimikoak aldarrikatzeko kanpainarekin. Auzoetako jaietan komunak bermatzeko beharra azpimarratzeaz gain, horiek instalatzeko gastua erakundeen ardura dela diote, eta, beraz, horri bideratutako diru-laguntza exijitu diote Udalari.
Martxoan, jai batzordeetako ordezkariak Udalaren osoko bilkuran izan ziren. Bertan egindako eskaera indartzeko, sinadurak biltzeari ekin zioten auzoetan. Joan den ostiralean, maiatzaren 19an, Judimendiko gizarte etxeko Herritarren Arretarako Bulegoan entregatu zituzten jasotako ehunka sinadurak.
"Auzoetako jaietan komun kimikoak behar ditugu. Espazio egokitu, garbi eta gertu dagoen komun batean behar fisiologikoak asetzea eskubide bat denez, zerbitzu horren ardura hartzea exijitzen diogu Udalari. Gure helburua auzoak zein auzokideak zaintzea den heinean, komunak auzoko higienea zaintzeko eta kaleak zikinkeriaz garbi mantentzeko beharrezkoak ditugu", aldarrikatu dute.