Arana, Txagorritxu, Judimendi, Adurtza, Ariznabarra, Sansomendi, Zaramaga eta Salburua auzoetako jai batzordeak Gasteizko Udalaren osoko bilkuran izan dira ostiral honetan, udal talde politikoei jaietan komun eramangarriak jartzearen beharra azaltzeko. Horrekin batera, jai batzordeen ordezkariek azpimarratu dute Udalak bere gain hartu behar duela komun publikoen gastua.
EH Bildu, Elkarrekin eta PP taldeek jai batzordeen aldarrikapenarekin bat egin dute, baina udal gobernuak (EAJ eta PSE), berriz, horren kontra agertu dira, azken urteetako adostasun eza errepikatuz. Gainera, gobernuko bi alderdiek gogorarazi dute auzo elkarteek jasotzen dituzten diru laguntzen igoera "nabarmena" izan dela, jaietako komunen gastua hortik ordaindu beharko litzatekeela argudiatuz.
"Hainbat auzoren komunitatea ordezkatzera etorri gara. Auzo elkarteei ematen zaien dirua ez da soilik jaietarako bideratzen, eta begi-bistakoa den bizitzaren garestitzeak ez digu gastu hori asumitzen uzten, jai duin batzuk antolatu nahi baditugu", erantzun dute jai batzordeek. "Gauzak horrela, argi utzi dugu Udalarena dela erantzukizuna, eta komunen kudeaketa ez badu bere gain hartzen, guk ezingo dugu. Horrek, jakina, ondorioak izan ditzake: zikintasuna zein higiene falta eta emakumeentzako espazio seguruen berme falta".
"Gobernuaren erantzuna zein izango zen aurreikusita", komunen beharra aldarrikatzeko kanpaina bat abiatu dute jai batzordeek: alde batetik, sinadura bilketa bat martxan jarri dute, eta auzoz auzoz sinadurak biltzen ari dira; bestetik, martxoaren 24an agerraldi bat egingo dute, 18:30etan Andre Maria Zuriaren plazan, Auzoak garbi mantentzeko, komunak bermatu - Ipurdia airean uzten digute lelopean.
Zertan ari gara?? 🙊🙊🙊 pic.twitter.com/6JHqC8t1Jx
— Ariznabarra berpiztu 🔥 (@ArizBerpiztu) March 17, 2023