EITB Focus

EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estutuko da Arabako udal nagusietan, EITB Focusen arabera

Erredakzioa 2023ko mai. 19a, 12:20

Aguraingo udaletxea. / Argazkia: EUSKADI.eus

Gasteiz, Laudio eta Aguraingo udal hauteskundeen inguruko azken aurreikuspenak plazaratu ditu EITBk: EH Bildu EAJtik gero eta gertuago legoke hiriburuan eta Laudion, eta gaur egun jeltzaleen esku dagoen Aguraingo alkatetza eskuratuko luke.

Ostiral honetan, udal eta foru hauteskundeetarako bederatzi egun eskas falta direnean, EITB Focus inkestaren azken emaitzak plazaratu dituzte, gaurkoan udal hauteskundeetara begira. Ondorio nagusia da EAJk irabaziko lukeela EAEko hiru hiriburuetan, baina EH Bildurekiko lehia estutu egingo litzatekeela Gasteizen. Arabaren kasuan, Gasteiz, Laudio eta Aguraingo udal hauteskundeen boto-asmoa aztertu du EITB taldeak.

Azken EITB Focus hau prestatzeko, EAEko 6.649 pertsona elkarrizketatu zituzten apirilaren 26tik maiatzaren 12ra bitartean: 1.543 Araban, 2.483, Bizkaian eta 2.623 Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204 galdekatu zituzten maiatzaren 3tik 11ra.

GASTEIZ

 

Hiriburuko boto-asmoaren inguruko EITB Focusen azterketaren arabera, Beatriz Artolazabal (EAJ) eta Rocio Vitero (EH Bildu) alkategaien artean puntu bakarreko aldea legoke; zehazki, 1,3 puntukoa.

 

EAJ izango litzateke indar bozkatuena (%25,2), eta zinegotzi bat gehiago lor lezake (7-8), baina EH Bilduk hazkunde handiagoa (%23,9) izango luke, eta berdinketa teknikorako aukera zabalik dago, bi alderdiek zazpina ordezkari lor bailezakete. PSE-EE bigarren izatetik hirugarren izatera jaitsiko litzateke, sei zinegotzietako bat galtzeko arriskuarekin. PPk bost zinegotziei eutsiko lieke, seigarrena lortzeko aukerekin. Azkenik, Elkarrekin Podemosek bi zinegotzi izango lituzke, gaur egun baino bat gutxiago.

LAUDIO

Aiaraldeko udalerri nagusiari dagokionez, EITB Focusen aurreikuspena da EAJk irabaziko lukeela Laudion, indar bozkatua izanik eta zazpi zinegotziei eutsita. Hala ere, EH Bilduk eta Omnia auzokide plataformak gehiengo osoa lortu eta gobernu aldaketa gauzatzeko aukera izango lukete.

PSEk, aldiz, puntu bat baino gehiago galduko luke, zinegotzi bat galduta.Azpimarragarria da EH Bilduk %6ko hazkundea lor lezakeela udalerrian, bost zinegotzitik seira igota. Elkarrekin Podemos eta PP berriz ere ordezkaritzarik gabe geratuko lirateke Laudion.

AGURAIN

Aurreko inkestan bezala, EITB Focusek Araban aurreikusitako aldaketa nagusia Lautadan emango litzateke: EH Bilduk Aguraingo alkatetza eskuratuko bailuke, EAJren boto kopurua gaindituz. Izan ere, udalerrian ordezkaritza duten bi alderdi horien arteko sorpassoa gertatuko litzateke, zazpigarren zinegotzia jeltzaleen eskuetatik subiranisten eskuetara pasatuz.

Oraingoz, PSEk ordezkaritzarik gabe jarraituko luke Agurainen, nahiz eta gertu geratu, boto kopuruan gora egin ostean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago