Duela egun batzuk ALEAn argitaratutako gutunean, orain dela 38 urte baino gehiagotik Arana auzoan okupatzen duten espazioaren "prekarietate arazo oso larria" salatu zuen ASPASOR Arabako Gorren Guraso eta Lagunen Elkarteak. Sofia Erregina kalean dago elkarteari lagatako espazioa, baina, antza denez, ez dago hori birgaitzeko aurrekonturik.
119 pertsona gor eta haien familiak ordezkatzen ditu elkarteak, eta euren premiei "jaramonik ez" egitea leporatu diete arduradun politikoei eta, bereziki, Emilio Sola foru diputatuari.
Larunbatean, maiatzaren 13an, elkarteko haur eta gaztetxoek Lau urte lokalik gabe dioen grafiti bat egin zuten lokalaren fatxadan, Udalari, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei gogorarazteko "hurrengo legegintzaldirako egiteke dagoena". Lonjaren fatxadan uzteko baimenik ez dutenez, etorkizunean beharrezkotzat jotzen dutenean erabiliko dute marrazkia.