"Emilio Sola jaunaren erantzuna izan da ez zela bere lehentasuneko gai bat"
Komunikabideei eta sare sozialei jarraituz, legegintzaldia amaitu aurretik egin diren ekintza eta inaugurazio ugariak zabaltzeko egin den ahalegina ikusi ahal izan dugu azkenaldian. Aitortu behar dugu lorpenen artean pertsona gorren irisgarritasunari dagokionez egindako aurrerapen batzuk daudela, baina lau urte hauek ez dira nahikoak izan ASPASOR Arabako Gorren Guraso eta Lagunen Elkartean. Orain dela 38 urte baino gehiagotik Arana auzoan okupatzen dugun espazioan dugun prekarietate arazo oso larriaren inguruan ez digute entzuten.
Ezin diogu legegintzaldi honetako agintari bakar bati ere eskertu bitarteko guztien bidez adierazitako premiaren aitorpenik txikiena ere; alderantziz baizik, ez ikusiarena egin dutela sentitu dugu. Zalantzarik gabe, gorrarenak egiten jakin duzue esku artean dugun arazo larriaren aurrean, eta pertsona gorrek zein familiek ASPASORetik egiten dugun lana garatzeko zailtasunen aurrean.
"Erakunde txikia gara, 119 pertsona gorren eta haien familien ordezkari gara"
Haien erantzukizunetik zerbait gehiago espero genuen. Gure kolektiboaren lana indartzeko laguntza espero genuen, baina ez die denborarik eman, lau urte ez dira nahikoak izan. Gizarte Politiketako diputatu Emilio Sola jaunaren erantzuna izan da ez zela bere lehentasuneko gai bat, baina ez digu zehaztu hurrengo legegintzaldian izango ote den. Ezin dugu jakin, bidali dizkiogun azken gutunei ez baitigu erantzun, ez baitigu jaramonik egin. Horrek ez du zerikusirik denbora faltarekin, heziketarekin baizik.
Izan ere, erakunde txikia gara, 119 pertsona gorren eta haien familien ordezkari gara. 46 urte daramatzagu gizarte bidezkoago eta berdintsuago bat sendotzen laguntzen, eta benetan dagokiela uste dugun erakundeen babesa besterik ez dugu espero. Gure argazkia hurrengo legealdirako geratuko da, hori espero dugu.
Gure beharra, zuen lehentasuna. Ez egin gorrarenak!
Bide batez, jakinarazi nahi dizuegu larunbatean, hilaren 13an, 11:00etatik 14:00etara, ASPASOReko haurrek eta gazteek grafiti tailer bat egingo dutela, horma-irudi batean, elkarteak Zabalgana auzoko Sofia Erregina kaleko 110. zenbakian lagata duen lonjan.
Sinatzailea: ASPASOR - Arabako Gorren Guraso eta Lagunen Elkarteko zuzendaritza batzordea
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.