Green Valleyk bere 20. urteurrena ospatuko du Gasteizen

Giuliana Preciado Cuero 2023ko mai. 17a, 19:00

2024ko urtarrilaren 6an, Jimmy Jazz aretoan, bi hamarkadako ibilbidea ospatzeko kontzertu berezia egingo du bere sustraiak Gasteizen dituen Green Valley taldeak. Jimmy Jazzek ere bere 15. urtemuga ospatuko du egun horietan.

XXI. mendearen hasierako urteetan, Green Valley taldeko buru Ander Valverde roots reggae eta dancehall soinuak zabaltzen hasi zen Gasteizen, sound system formatuan. 2004an banda osatu zuen. Lortutako arrakasta ikusita, taldekideek Bartzelonara joatea erabaki zuten. 2006tik aurrera beren soinuak Kataluniako agertokietan zabaltzen hasi ziren, eta hortik estatu osoko zein nazioarteko areto eta jaialdietara egin zuten jauzi.

Ia hogei urte, bi maketa, zazpi album eta ehunka kontzerturen ostean, ospatzeko unea iritsi zaio talde euskatalanari. Izan ere, 2024ko urtarrilaren 6an kontzertu berezia eskainiko dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Aurreratu dutenez, lehen urteetako kantak eta gonbidatu bereziak ez dira faltako. Sarrerak ostegunean 12:00etan jarriko dituzte salgai, eta litekeena da beste data bat iragartzea aurrerago ere, sarrerak agortzen badira. Estatu osoko aretoak betetzeko asmoa izango duen bira zabalago baten hasiera izango da, hain zuzen ere taldea jaiotzen ikusi zuen hirian.

20. urteurreneko ospakizunak iragartzeko prentsaurrekoa eskaini du taldeak gaur Koroatze kaleko aretoan, kontzertu akustiko labur batekin. Taldearen jarraitzaileek bertatik bertara gozatzeko aukera izan dute, Ander Valverde eta Egoitz Uriarte taldekideen eskutik.

Jimmy Jazzek hamabost urte

Reggae taldearena ez da urteurren bakarra izango. Izan ere, Jimmy Jazz aretoak hamabost urte beteko ditu 2024an, eta lau hilabetez ospatuko du. Green Valley taldearen bisita bereziaz gain, Tropa Do Carallo Evaristo Paramosen proiektu berriaren kontzertua eta Betagarri taldearen itzulerako bi saioak izango dira urtemugarako, 2023ko abendutik 2024ko martxora bitartean, prestatzen ari diren agenda bereziaren parte. Azken horren kasuan, sarrera guztiak agortuta daude jada.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide