Koroatze auzoan eta hiriko hegoaldean kokatuak, Aldabe eta Hegoalde gizarte etxeak egunero milaka bizilagunentzako topagune, formakuntza, laguntza eta informazio gune bihurtu dira. Hegoalde gizarte etxea 1998ko martxoan sortu zuten, Olarizuko auzo elkartearen zerbitzura zegoen udal bulegoaren funtzioak bereganatuz; eta Aldabek, berriz, 1998ko irailean ireki zituen ateak.
Hogeitabosgarren urtemuga ospatzeko, jardueren egitarau oparoak antolatu dituzte bi gizarte etxeetan. Hegoalden, larunbat honetan, maiatzaren 20an, ekitaldi nagusia egingo dute: Udaberriko Jaia. Musika emanaldiak eta dantzak, kirol jarduerak, gargantua, haurrentzako lantegiak, puzgarriak, informazio guneak, liburu azoka eta txosna solidarioa izango dira, besteak beste. Udaberriko Jaiak izaera soziala eta parte hartzailea du, eta 40 urte daramate ospatzen, hain zuen ere gizarte etxea sortu aurretik, Adurtza eta San Kristobal auzoetako familiek bultzatuta, ingurua biziberritzeko eta bertako azpiegiturak hobetzea aldarrikatzeko.
Ekainean, Aldaben
Aldaben, ostera, beranduago egingo dute ospakizuna. Ekainaren 1etik 22ra bitartean, askotariko jarduerez osatutako programa izango dute: kirol txapelketak, kontzertuak, poesia errezitaldiak, kultura, kirol eta dantza ikastaroetako klase bereziak, world kafe bat, solasaldi bat eta hainbat erakusketa, besteak beste. Festa handia ekainaren 17an, larunbatean, izango da, 11:45etik 21:30era.
1989an inauguratu zuten lehenengo gizarte etxetik gaur egun arte, hamalauk osatzen dute gizarte etxeen udal sarea. Gune hauen historia demokraziaren lehen legegintzaldian hasi zen, 1989ko maiatzean. Iparralde gizarte etxea sortu zuten, eta ondoren, abenduan, Europa gizarte etxea. Biak dira lehenengo gizarte etxeak, definizioz, eta, gerora etorriko direnen zutabe eta eredu. Gizarte etxeen filosofia berria islatu zuten, eta eraikin bakar batean integratu zituzten udalak eskaini nahi dituen zerbitzu eta programa guztiak, bai gizarte eta kultura arlokoak, bai kiroletakoak.
Gizabanako eta komunitatearekin elkartzeko funtsezko tokiak bezala definitzen dira, eta arreta berezia eskaintzen zaie arrisku egoeran daudenei.
Filosofia berarekin, 1990eko apirilean, Judimendiko gizarte etxea sortu zuten; 1992ko apirilean, Arriagakoa; Ariznabarra auzokoa 1993ko apirilean handitu zuten; Arana 1994ko apirilean sortu zuten, Lakuakoa 1997ko urrian, Hegoaldekoa 1998ko martxoan, eta Aldabe 1998ko irailean. Salburuko eta Zabalganeko gizarte etxeekin osatu dute sarea.