Tuvisak 60.000 euro ordaindu beharko ditu greba eskubidea urratzeagatik

Erredakzioa 2023ko mai. 10a, 13:00

2021eko apirilaren 22ko grebarekin bat egin zuten Tuvisako langile askok. / Argazkia: ELA

Tuvisak ez zuen greba egun bat lan denbora bezala zenbatu, eta orduak berreskuratzera behartu zituen 427 langile grebalariak. Epaitegien zigorraren ondoren, udal enpresak kalte-ordaina eman beharko die.

2021eko apirilaren 22an, Gasteizko hiri autobusen zerbitzua kudeatzen duen Tuvisa udal enpresako 427 langilek bat egin zuten Euskal Herriko Zerbitzu Publikoetan deitutako greba arrakastatsuarekin. Egun horretan lanuztea egin zuten pertsonek, normala denez, ez zuten jardunaldi horretako soldatarik jaso beren hurrengo nominan.

Hala ere, ezustekoa aurrerago iritsi zen: Tuvisako zuzendaritzak ez zuen lanegun hori benetako lan gisa zenbatu, eta egun hori berreskuratzera edo ordu saldotik kentzera behartu zituen greba egin zuten langileak.

ELA sindikatuak gertatutakoa salatu zuen epaitegietan, enpresa batzordeko gainerako sindikatuen babesarekin. Orain, Gasteizko Lan Arloko 2. zenbakiko Epaitegiak arrazoia eman die langileei, eta "grebarako oinarrizko eskubidea" urratu zela ebatzi du.

Ondorioz, 60.000 euro eman beharko dizkie langile horiei, lan eginarazi dizkien ordu gehigarriengatik. Hala ere, epaiari helegitea jartzeko asmoa iragarri du Tuvisako zuzendaritzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago