Sektore publikoaren grebak kaleak bete ditu, enplegua kontsolidatzearen alde

Erredakzioa 2021ko api. 22a, 12:30
Sektore publikoko milaka langile bildu dira Gasteizko manifestazioan. / ALEA

Enplegu publikoa sortzea eta egonkortzea exijitzeko EAEko sektore publikoan deitutako grebak jarraipen zabala lortu du. Aiaraldean, Tubacexeko langileekin elkartasun ekimena egin dute, eta Gasteizko manifestazioan milaka pertsona bildu dira.

Enplegu publikoa sortzea, aldi baterako enplegua finkatzea eta pribatizazio prozesua salatzea dira ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek sektore publiko osoan deitutako grebaren aldarrikapen nagusiak. Ohartarazi dutenez, sektore publikoko 60.000 langile inguru kontratu finkorik gabe daude gaur egun, eta behin-behinekotasuna %40tik gorakoa da.

Langile publiko guztiak daude parte hartzera deituta, eta sindikatuek "jarraipen zabala" izaten ari dela aurreratu dute, lehen balorazioan. Hala ere, salatu dute Eusko Jaurlaritzak "gehiegizko zerbitzu minimoak" ezarri dituela: besteak beste, zerbitzu minimoak %100ekoak izango dira Osakidetzan, Covid-19ari lotutako zereginetan; egoitza eta eguneko zentroetan ere, zuzeneko arretaren zerbitzuak %100ean mantenduko dira; ospitaleetan, larunbatetan izan ohi den lantaldeak bermatu beharko dira.

Arabako mobilizazio nagusiak Gasteizen eta Aiaraldean izango dira. 8:30ean, Aiaraldeko zerbitzu publikoetako langileek elkartasun ekimena egin dute Tubacexek Amurrion duen lantegian. 11:30ean, manifestazio bateratua abiatu da Gasteizko Plaza Berritik, eta milaka pertsona bildu ditu; udaletxean hasi, Eusko Legebiltzarretik igaro eta Diputazioraino iritsi dira. Arratsaldean, bi manifestazio irtengo dira Laudio eta Amurrioko herriko plazetatik.

Irudiak

Salbuespenezko neurriak

"Salbuespenezko egoera da, eta salbuespenezko neurriak behar dira", aldarrikatu dute sei sindikatuek, plantillak handitzeko, egungo ratioak hobetzeko eta lan kargak murrizteko eta arautzeko beharra azpimarratuz. Arazo horiei aurre egiteko, negoziazio kolektiboa aktibatzea "ezinbestekoa" dela uste dute.

Kontratazioari dagokionez, "gehiegizko" behin-behinekotasunari amaiera ematea nahi dute. Horretarako, plantillen behar guztiak identifikatu, azaleratu eta horien arabera handitzeko exijitu dute, egungo egoerara itzultzea saihesteko mekanismoekin batera.

Instituzioei mahai gainean dauden lege-proiektuak aldatzeko eskatu diete, "nahikoak ez direlako, ez dutelako enpleguaren kontsolidazioa bermatzen, ezta aldi baterako kontratazioaren gehiegikeriarekin amaitzen ere". Zentzu horretan, EAEko erakunde guztiak interpelatu dituzte, "Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, baita erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere", arau-aldaketak bultzatzeko.

Azkenik, martxan dauden lan eskaintza publikoko prozesuetan kolektibo bakoitzaren premiekin bat datozen ezohiko neurriak kontuan izatea eskatu dute. "Administrazioei pribatizazioen eta externalizazio politikekin amaitzeko eskatzen diegu; plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat ezinbestekoa dela uste dugu", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide