Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen atarian, euskarafobiaren jokalekura atera da Arabako Vox. Jonathan Romero lurraldeko presidente eta diputatu nagusirako hautagaiaren eskutik, euskararen aurkako bideo bat plazaratu du alderdi ultraeskuindarrak, Vox: espainieraren defentsa euskararen inbasioaren aurrean izenburupean.
No más imposición del euskera ni en oposiciones ni en educación. Los alaveses tienen que saber que @vox_es es la única garantía de dar prioridad al español en la vida pública de nuestra provincia.
— VOX Álava (@vox_alava) May 8, 2023
Para eso, @JRGvoxalava deberá estar en las Juntas Generales de Álava ⏬ pic.twitter.com/rx0AiKERxT
"Euskararen inposizio gehiagorik ez oposizioetan eta hezkuntzan. Arabarrek jakin behar dute Vox dela gure probintziako bizitza publikoan gaztelaniari lehentasuna emateko berme bakarra", adierazi du hautagaiak Twitter bidez zabaldutako bideoan.
Hala ere, diskurtsotik harago, xehetasun batek agerian utzi du alderdiko hautagai nagusiaren nahasmena. Besteak beste, Izaskun Arrue Kulturunea izena eramango duen Euskararen Etxearen eta Gasteiz Antzokiaren proiektuaren aurka hitz egin du, "Ruiz de Bergaratarren Jauregiaren aurrean" dagoela esanez eta atzean duen eraikina seinalatuz. Baina bideoan Alamedako Markesaren Jauregiaren aurrean agertzen da Romero.
Hanka-sartzea ez da oharkabean pasatu, eta Twitterren egindako akatsa aurpegiratu diote Vox-eko hautagaiari: "Artaburu!!! Hori ez da Ruiz de Bergaratarren Jauregia, Alamedako Markesaren Jauregian zaude". Romerok, berriz, handik gutxira erantzun du, euskaraz: "Bai, badakit, baina momentu horretan Ruiz de Bergara Jauregian furgoneta asko zeuden deskargatzen eta ezin izan zen grabatu, horregatik joan ginen kantonamendu horretara".