Antepararen inguruko "informazio faltsua" ematea egotzi dio ARGIAk PPri

Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 12:30

Gustavo Antepara PPren Gasteizko eta Arabako hauteskunde-zerrendetan doa. / Argazkia: PP

Pisu turistikoetan obra klandestinoak egiten harrapatu dutela argitara atera ostean, PPko kideak eta alderdiak kazetariei emandako zenbait informazio faltsuak direla frogatzen dituzten dokumentuak plazaratu ditu ARGIA hedabideak.

Apirilaren 26an ARGIAk ikerketa erreportaje batean argitaratu zuenez, Gustavo Antepara PPko hautagaiari gutxienez hiru espediente ireki dizkio Udalak hiru etxebizitzatan baimenik gabeko obrak egiteagatik, Alde Zaharrean legez kanpoko pisu turistikoak merkaturatzeko.

Antepara Gasteizko PPko zinegotzi ohia (2016-2019), Luxury Rental Apartments S.L. enpresako presidentea, 21 Zabalgunea sozietate publikoko administrazio kontseiluko kidea eta maiatzeko udal zein foru hauteskundeetarako PPren hautagaia da. Hala ere, alderdiak bere errugabetasuna defendatu du hainbat hedabideren aurrean (besteak beste, ARGIA eta Gasteiz Hoy).

Horretarako, PPk ziurtatu du Antepara ez dela Luxury enpresako presidentea, eta ez dela inoiz izan. Horrez gain, alderdiak adierazi du Anteparak ez zuela utzi enpresaren administratzaile bakar kargua 2022ko uztailean (ARGIAk argitaratu moduan), baizik eta 2019an; hau da, Luxuryk obra klandestinoak egin eta legez kanpoko etxebizitza turistikoak esplotatzen hasi aurretik.

Informazio horiek "faltsuak" direla ziurtatu du ARGIA hedabideak, baita horiek frogatzen saiatzeko baliatutako dokumentuetako bat ere:

  • 2019ko uztailaren 1eko dokumentua (PP): ordura arteko administratzaile bakarraren kargugabetzea (Gustavo Antepara) eta berriaren izendapena (Pilar Perosanz, Arabaturreko presidentea). Ez da inoiz merkataritza-erregistroan erregistratu.
  • 2022ko uztailaren 1eko dokumentua (PP): Luxuryren administratzaile aldaketa, batzar orokor batean erabakita. ARGIAk informazio hori argitaratu zuen.
  • ARGIAk merkataritza-erregistroan eskuratutako dokumentuen arabera: Antepara enpresaren administratzaile bakarra izan da 2000ko hamarkadan sortu zenetik 2022ko uztailaren 1era arte. Erabakia 2022ko urriaren 17an erregistratu zuten Maria Concepcion Granado notarioaren aurrean.
  • Horrez gain, enpresak izena eta helburu soziala aldatu zituen: Grupo Comunicación y Editorial Eneatik, egun mantentzen duen Luxury izena hartzeko; erabakia Gustavo Anteparak berak sinatu zuen, "Sozietatearen Administratzaile Bakar" bezala.
  • 2023ko martxoan: Luxuryk 2020 eta 2021 urteetako kontuak aurkeztu ditu merkataritza-erregistroan. Ziurtagirietako baten arabera, 2022ko ekainaren 30ean Sozietatearen Ohiko Batzar Orokorra bildu zen, Gustavo Antepara presidente eta Pilar Perosanz idazkari izendatuz; Anteparak egun bat beranduago utzi zuen administratzaile bakarraren kargua.

ARGIAren ikerketa

ARGIA hedabideko Zigor Olabarria Oleaga kazetariaren ikerketaren atal berri honen inguruko xehetasun guztiak hemen daude ikusgai: PPk informazio faltsua eman die kazetariei, Gustavo Antépara errugabetu nahian. Bestalde, aurretik argitaratutako informazioa beste hiru artikulu hauetan dago:

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago