Karen Forero eta Giovanna Mogollon musikariekin batera La Perla hirukotea osatzen du Diana Sanmiguel (Bogota, 1989) abeslari eta perkusionistak. Apirilaren 30ean, 18:00etan, Probintzia plazan egongo da talde kolonbiarra, Turukutupa eta Kawadeni taldeekin egingo den kontzertu batean.
Frantzian zaudete elkarrizketa hau egin dugun momentuan. Zertan ari zarete hor?
Pulcinella taldearekin musika sorrerarako egonaldi batean gaude, Tolosan (Frantzia). 2019 urtetik lanean egon gara beraiekin, eta zuzeneko hainbat emanaldi egin ditugu ere. Orain. egonaldi honetan, gure lehen disko originala sortzeko bildu gara bi taldeak.
Grabatzen ari zarete, beraz?
Ez, momentuz konposaketa lanetan gaude. Entsegu asko egiten ari gara diskoa sortzeko. Pulcinella taldekoak musikari bikainak dira, eta erronka handia da beraiekin diskoa sortzea. Oso gauza txukunak ateratzen ari dira, eta ziur nago jendeari asko gustatuko zaiola sortzen ari garen hau. Oso chévere geratuko dela sinetsita nago. Izan ere, musika lengoaia unibertsal ederra da.
Pulcinellakoek zer nolako musika mota egiten dute?
Jazz esperimentala egiten dute. Zehazki, Jazz inflammable gisa definitzen dute beren musika. Talde horretako kideak 2019ean Kolonbiara joan ziren, bertako hainbat jaialditan jotzera, eta baita Jazztropicante izeneko topaketa batera. Bertan geundela, eskatu ziguten kolaboratzeko eta kontzertu bat egiteko. Hortik aurrera, show hori aurkezten jarraitzen dugu. Eta pentsatu genuen ideia ona izango zela disko bat batera egitea. Abuztuan egingo dugu grabaketa.
"GURE INSPIRAZIO ITURRIA KOLONBIAKO KARIBEAN DAGO, BAINA BAITA KARIBE HANDIAN ERE"
Nola sortu zen La Perla?
Taldekide guztiok partekatzen genuen [Kolonbiako] gaitarekiko eta danborrekiko zaletasuna. Kolonbiako kostan egiten den musika, hain zuzen. Bertako jaialdietan, maisuen etxeetan eta topaketa musikaletan elkar ezagutu genuen, eta, giro horretan, 2014an elkarrekin lanean hasi ginen.
Nondik abiatu da Gasteizen jotzeko aukera?
Gasteizko kontzertuaren antolatzaileetako batek Donostian ikusi gintuen, eta Gasteizen jotzeko aukera eskaini zigun. Ikusi genuen Frantziako egonaldiaren amaierarekin batera bat zetozela datak, eta, Frantzian egonda, gertu geundela. Hortaz, erabaki genuen baietz esatea. Donostian jotzeaz gain, Iruñean ere egon gara, eta baita Espainian ere.
Zer aurkituko du entzuleak zuen musikan?
Karibeko musika tradizionalaren baitan dagoen soinu urbanoa bilatzen ibili gara. Saiatzen gara indar horien guztien sinergia bat egiten, produktu original bat aurkeztu aldera. Perkusioa, ahotsak eta letrak funtsezko osagaiak dira. Gure inspirazio iturria Kolonbiako Karibean dago, baina baita Karibe Handian ere; Afrikatik eratorritako musika hori guztia. Estilo eta era desberdinetatik heltzen diogu tradizio horri.
Ikusi ditudan bideoen arabera, bokalizazioek garrantzi handia dute zuen musikan...
Bai. Hain justu, hori da gure interesetako bat. Beat box, rap, vocal sample... ahotsaren bestelako erabilera egiteko aukera asko lantzen dugu, kantu hutsetik harago.
Nolakoa izan da zuen diskografiaren bilakaera?
Iazko urrian atera genuen gure lehen diskoa Callejera deitzen da, eta gaur egun gehien jotzen ari garena da. Horren aurretik bi EP eta bi single atera ditugu. Single horietako bat, La bruja, biral samarra bilakatu zen, eta gure abesti entzunetakoa bihurtu da. Beste singlea Gauayabo da, eta hori ere aski ezaguna egin da. Azken hauek urteen eboluzioa izan dira.
La Bruja kantuak badu ereserki kutsu bat. Emakume bezala aldarrikatzeko modu bat da?
Ez dakit aldarrikatzea hitza ote den. Hori beharrean, esango nuke kantu horrek adierazi nahi duela gizarteak emakumeei ematen dien tratamenduarekiko inkonformismoa. Arriskua, seinalatzea... emakume izate soilagatik jasan behar diren egoerak. Baina ez dute nozitzen soilik emakumeek: ezarritako parametro edo arautik kanpo geratzen diren guztiek ere.
Horrez gain, zer nolako abestiak egiten dituzue?
Naturari kantu egiten dioten abestiak ditugu; Amazoniari buruzkoa, adibidez. Munduko birika izanik, interes ekonomikoak oihana birrintzen ari dira. Ez dago araudirik, ezta geratzen zaigun oxigeno apurra babesteko politikarik. Kantu egiten diegu nekazariei ere, munduko leku askotan lurra ez baita hori lantzen duten nekazariena.