Gasteizko Gaztetxeak bere 35. urtemuga ospatuko du aste honetan

Erredakzioa 2023ko api. 25a, 12:30

Tailerrak, plater irekiak, jolasak, bazkaria, mural margoketa eta Yahorake Flamenco, Nerepe, Sound Riders eta Skabidean taldeen kontzertuak izango dira apirilaren 25etik 29ra, Gasteizko Gaztetxearen 35. urteurreneko ospakizunetan.

1988ko apirilaren 28an, San Prudentzio egunean, bere ateak ireki zituen Gasteizko Gaztetxeak. Garaiko testuinguru zurrunbilotsuan eta hilabeteetako batzar, hitzaldi, protesta eta okupazio sinbolikoen ostean, Gasteizko Gazte Asanbladaren ekimenez, 13:00ak aldera 300 bat gazte (eta ez hain gazte) bildu ziren Fariñasen, Kutxi kaleko sarreran. Handik, manifestazioa abiatu zuten Gotzaindegiko kotxetegiraino, eta 35 urte geroago Gasteizko Gaztetxea izaten jarraitzen duen eraikinaren atea bota zuten.

 

Hiru hamarkada eta erdi beranduago, Muinoko Etxeak zutik jarraitzen du. 100 urte, bakarrik ezin da lelopean Hala Bedik, Gaztetxeak, Errekaleorrek, Auzolana Pilotalekuak eta Sumendi Espazioak urriaren 21ean amaituko den mendeurren bateratua ospatzearekin batera, urtero bezala, aurten 35. urteurrena ospatzeko egitarau oparoa antolatu du Gaztetxeak. Oraingoan, apirilaren 25etik 29ra bitartean, asteartetik larunbatera; eta, hain zuzen ere, azken egunean leherraraziko dute festa, egun osoan zehar izango diren jarduerekin.

Asteartean hasiko dira ospatzen, 19:30ean, Gaztetxeko DJ tailerraren eskutik antolatutako txalaparta elektroniko tailer ireki batekin. Asteazkenean, berriz, Zuretzako Mezua kolektiboak hilero antolatzen dituen plater irekiak (pintxada parte-hartzaileak biniloekin) izango dira, 18:30etik aurrera.

Ostegunean, 19:00etatik aurrera, Mejillon Tigrek poesia, musika, gorputz adierazpena eta performancea bateratzen dituen Hitz esana emanaldia eskainiko du; ondoren, 22:00etan, Yahorake Flamencoren kontzertua izango da, Brilli Brilli musika jartzaileen pintxadarekin amaitu aurretik.

Ostiraleko atsedenaren ostean, larunbatean, hilaren 29an, egun osoko egitarauak borobilduko ditu ospakizunak: rokodromoa eta jolasak haur eta gazteentzako, marianitada, Hala Bedi irratiaren zuzeneko irratsaio berezia, herri bazkaria Auzolana Pilotalekuan, Nereperen kontzertua, mural margoketa kolektiboa, Sound Riders eta Skabidean taldeen reggae kontzertuak eta, amaitzeko, DJak.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago