2021ean, 2022an eta 2023an jaiotako seme-alabak 2023/2024 ikasturterako Gasteizko titulartasun publikoko haur eskoletan apuntatu nahi dituzten familiek izena emateko aukera izango dute laster, apirilaren 24tik maiatzaren 16ra.
Aurtengo nobedade nagusia udal haur eskolen doakotasuna izango da. Beraz, seme-alabak goizez edo arratsaldez eramatea aukeratzen duten familiek soilik jantoki zerbitzua ordaindu beharko dute; hau da, hilean, 33,90 euro. Jangela osasungarri eta jasangarriak dira, eta menu ekologikoa eskaintzen dute, barazki zein fruta ugarikoa, garaian garaikoa eta, neurri handi batean, zero kilometrokoa.
Gasteizko titulartasun publikoko haur eskolen sareak, guztira, 25 ikastetxe ditu, eta 1.428 plaza eskaintzen dira bertan: 0 urteko 304 plaza, 1 urteko 962 plaza eta 2 urteko 162 plaza.
Udalak 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako bost zentro kudeatzen ditu: Haurtzaro (Alde Zaharra), Sansomendi, Zaramaga, Lourdes Lejarreta (Lakua) eta Zabalgana. Bestalde, Haurreskolak Partzuergoak 0 eta 2 urte arteko umeentzako beste 20 ikastetxe kudeatzen ditu, eta horietan familiek beraiek eraman beharko dute janaria.
Bai udal haur eskoletan bai Haurreskolak Partzuergoko zentroetan bi ordutegi eskainiko dira: goizez bakarrik, eta goiz eta arratsaldez. Gainera, Salburua auzoko Henrike Knörr haur eskolak (Haurreskolak Partzuergokoa) arratsaldeko zerbitzua eskainiko du lehen aldiz datorren ikasturtean, 14:00etatik 19:00etara.
Nola eman izena?
Gasteizko Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren lankidetzari esker, leihatila bakarreko zerbitzua dago zentro guztietarako. Beraz, matrikulazio prozesua bateratua da, familiek aukeratutako eskola edozein izanda ere:
- Izen-ematea online: Udalaren webguneko egoitza elektronikoaren bidez. Horretarako beharrezkoa da identifikazio digitaleko ziurtagiria.
- Aurrez aurreko izen-ematea: aurretiazko hitzorduarekin, San Antonio kaleko edo gizarte etxeetako Herritarren Arretarako Bulegoetan.
Izen-emate prozesuaren epeak honako hauek izango dira:
- Izen-ematea egiteko epea: apirilaren 24tik maiatzaren 16ra. 2023ko maiatzaren 4tik 13ra jaiotako umeen kasuan, epea hilaren 19ra arte luzatuko da (egun hori barne).
- Ekainaren 12an: onartuen behin-behineko zerrendak eta itxarote-zerrendak.
- Ekainaren 12tik 15era: erreklamazioak aurkezteko epea.
- Ekainaren 26an: behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
- Ekainaren 26tik 30era: matrikulazioa formalizatu ahal izango dute gurasoek.
Ikasturtea hasten denean, 2023ko irailean, familiek hilabetez hilabete apuntatu ahal izango dituzte seme-alabak, leku hutsik geratuz gero. Ikasturtea 2024ko uztailera arte luzatuko da.
Hitzaldiak
Informazio gehiago jasotzeko, Udal Hezkuntza Zerbitzuak bi hitzaldi eskainiko ditu: apirilaren 25ean, asteartean, 10:30ean Zabalgana gizarte etxean; eta apirilaren 26an, asteazkenean, 18:00etan Salburua gizarte etxean (euskaraz erabilera anitzeko 3. aretoan, eta gaztelaniaz ekitaldi aretoan).
TXOSTENA