Gasteizko udal haurreskolak doakoak izango dira datorren ikasturtean

Erredakzioa 2023ko ots. 7a, 10:30

EAJ, PSE eta Elkarrekin taldeek akordioa erdietsi dute 2023/2024 ikasturtean Udalaren haurreskolak adin tarte guztietarako doakoak izan daitezen, bost edo zortzi ordu joanez gero. Salbuespena jangela zerbitzua izango da.

Haurtzaro, Lourdes Lejarreta, Sansomendi, Zabalgana eta Zaramaga udal haurreskolen doakotasuna 2023ko aurrekontuen inguruan lortutako hitzarmenari esker izango da posible, Elkarrekin taldeak gehitutako 120.503 euroko zuzenketa baten bitartez. Horrela, Udalaren eskaintza Haurreskolak Partzuergoak egindakoarekin parekatuko da, datorren ikasturtean zerbitzu hori ere doakoa izango baita.

2023/2024 ikasturtean, Hezkuntza Zerbitzuak 0 eta 2 urte arteko haurrentzako 374 plaza eskainiko ditu zentro horietan, eta izen-ematea apirilean zabalduko da.

Neurria astearte honetan bertan onartuko du Tokiko Gobernu Batzordeak, udal haurreskolen prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala aldatuta. Asteazkenean, Ogasun Batzordean eztabaidatuko dute, eta, ondoren, hilabete honetako osoko bilkurara joango da; alegaziorik ez badago, araudi aldaketa apirilaren amaieran sartuko litzateke indarrean. Genero berdintasun politiken inpaktu-balorazioan aldeko txostena jaso du neurriak.

"Erronka demografikoari aurre egiteko administrazio guztiok bideratu dugun estrategiak, beste hainbat neurriren artean, haurreskoletarako sarbidea ahalik eta gehien erraztea jasotzen du. Jaiotza tasa sustatzeko eta familiako, gizarteko eta laneko bizitza kontziliatzea bultzatzeko beste tresna bat da", aldarrikatu du Iñaki Gurtubai Ogasun zinegotziak. "Bere garaian, Gasteiz aitzindaria izan zen haur hezkuntzako udal zerbitzua eskaintzeko garaian. Oraingoan ere, zerbitzu honen sarbide unibertsalean erreferente bihurtu nahi dugu".

Bestalde, Elkarrekin taldeko bozeramaile Garbiñe Ruizek azpimarratu du udal haurreskolak doakoak izatea lortzeko neurria "haurrak babesteko eta haurren txirotasunaren aurka hainbat eragilek egindako eskaerarekin lotuta dagoela" eta "lagungarria izango dela etxeko ekonomia tentsionatuak arintzeko".

"Eskerrak eman nahiko nizkioke Elkarrekin-Ahal Dugu taldeari gasteiztarrek gehien estimatzen duten baliabideetako baten alde egindako apustu irmoa dela eta: Udal Haur Eskolen Sarea", adierazi du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Plaza gehiago jangeletan

Doakotasunak jangela zerbitzuari eragingo ez dion arren, hitzarmenaren bidez opor-programako jangeletako plaza kopurua handitu egin da, 490 plaza izatetik 680 izatera. "Familia kontziliaziorako mesedegarria izateaz gain, erabilgarria izango da adingabeei uda garaian elikadura egokia eskaintzeko", azaldu dute.

Estibaliz Canto (PSE), Iñaki Gurtubai (EAJ) eta Garbiñe Ruiz (Elkarrekin).
Argazkia: GASTEIZKO UDALA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide