M-Fest jaialdia bueltan izango da maiatzean, bi eguneko egitarauarekin

Erredakzioa 2023ko api. 17a, 20:30

Perlata, Arrasateko kuirpunk taldea. / Argazkia: PERLATA

Gauekoak programak antolatutako M-Fest jaialdia maiatzaren 26an eta 27an ospatuko da aurten. Perlata, Sandre, Heksa eta Ginger taldeen kontzertuak, erakusketa, horma-irudia, hitzaldiak, tailerrak eta artisau azoka izango dira.

Maiatzaren 26an eta 27an, ostiralean eta larunbatean, emakume sortzaileak erdigunera eramango ditu berriz ere M-Fest jaialdiak, Gauekoak programaren udaberri-udako denboraldiaren barruan.

Azken urteetan bezala, aurten ere emakume artistei laguntza eta espazio bat emateko helburua izango du jaialdiaren VI. edizioak. Musika, erakusketa, hitzaldi, tailer eta artisautzaz beteriko bi egun izango dira, "gazteentzat erreferente diren hiriko hainbat puntutan, inposiziorik gabeko gune bat sortzeko" asmoz.

Ostiralean, kontzertuak

Jaialdiaren lehen jardunaldian, maiatzaren 26an, punk musika izango da nagusi, Jimmy Jazz aretoan egingo diren bi kontzertuei esker. 21:00etan irekiko dituzte ateak, eta 21:30etik 00:00etara bitartean, Perlata eta Sandre taldeek sutan jarriko dute agertokia.

Bartzelonako underground kulturaren arrakaletatik iritsiko da Sandre, Rosa, Carles, Stefi eta Marc-ek 2018an sortutako taldea. Lagunak ziren, eta oraindik ere badira, baita prekarioak ere. Eta haien oin azpiko zoruak batzuetan dar-dar egiten zuela zirudien. Ideia bat bururatu zitzaien: dardaraz gozatzea. Instrumentuak hartu eta gero, haien ideia oihu bidez egi bihurtu zuten. Ave Muñón (2019) LPa eta Trúnel (2020) EPa eta gero, Gestiones Fáciles (Hotel Records, 2022) disko berria aurkeztera datoz Gasteizera.

 

Katalanekin batera, Arrasatetik, Maialen, Ane, Jaione eta Txerrak osatzen duten Perlata kuirpunk taldea ere izango da oholtza gainean. "Inoren lurraldekoak, norabide bila abesten dute, eta horrela galtzen dira. Musika zuzena, kurba eta bazterretatik egindakoa. Etenik gabeko gudan, normaren kontra", diote. Lau disko kaleratu dituzte orain arte: Nondik hasi (2017), Urrezko kaiola (2018), Duguna esateko (2020) eta Zarata (2022); azken hori The Dillingers taldearekin batera.

 

Larunbatean, Alde Zaharrean

Maiatzaren 27an, askotariko jarduerak izango dira Gasteizko Alde Zaharreko hainbat espaziotan:

  • Argazki erakusketa: Begiluz, Eider Iturriagaren eskutik, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 19:30era, LABE espazioan. Azken urteetan (2020-2023) Gauekoak programaren barruan kliskatutako argazkiak.
  • Murala: Ania Saenz de Buruaga eta Carolina Martosen eskutik, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 19:30era, LABE espazioan. Bi ilustratzaileek haien estilo pertsonalak uztartuko dituzte, M-Festaren helburuak horman islatzeko.
  • Tailerrak, 18:00etatik 19:30era, aldi berean, LABE espazioan: estanpazioa (Alba Tojo), koadernaketa (Irati Retolaza) eta txapak (Bildotsne Arrizabalaga).
  • Artisau azoka: 17 artisauren postuekin, 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, Martin Ttipia plazan, Fray Zacarias eraikinaren atzean. Parte hartzeko epea apirilaren 17tik 30era arte, biak barne.
  • Kontzertuak, Falerina Lorategian 19:00etatik 22:00etara:
    • Ginger: Zarautz eta Oriotik datorren punk taldeak ahotsetan doinu melodikoak eta oihuak tartekatzen ditu, 90. hamarkadako rock gitarreroaren zertzeladaz.

    • Heksa: lau lagun elkarrekin jotzen 2015etik, Getafetik Haldenera. Punk melodikoa jotzen dute, eta beren letretan adierazten dute mundua nola bizi duten eta nola aldatu nahiko luketen.

KARTELA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago