Erbestealdiaren amaiera. Mari Paz Jimenez 1945ean, Jorge Oteiza 1948an eta Nestor Basterretxea 1952an bueltatu ziren Euskal Herrira Latinoamerikako herrialdeetako egonaldien ostean. Garai berri baterako abiapuntua izan zen, ikuspegi berrietara eta modernitatera leihoa. Eta, hain zuzen, garai hori du abiapuntu Artium arte garaikideko museoak aurkeztu berri duen Bilduma Hau. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) erakusketak, batik bat museoaren funtsetako lanekin osatutako bilduma handiak. Ia berrehun artelan, dokumentu eta artxiboko material, horien bitartez XX. mendearen bigarren erdiko adierazpen artistikoetara gerturatzeko asmoz.
Bueltatu ziren erbesteratuekin batera, beste batzuek joatea erabaki zuten bestelako arrazoiengatik. Eduardo Txillidak, esaterako, formakuntzarekin Parisen jarraitzea erabaki zuen. "Joan-etorri guzti haiek izan ziren, azken batean, gure modernitatearen jatorria, mugimendu desberdinei atea irekiko ziena", azaldu du erakusketaren komisario Kike Martinez Goikoetxeak. "Garai hartako beste abiapuntu mugarri bat Arantzazuko basilikaren proiektuaren inguruan bildu zen artista komunitatea izan zen, artista berritzaileena: Oteiza, Basterretxea, Saenz de Oiza, Txillida...".
Mugarri diren gertaera guztien artean, gainera, kronologia hausten duten pieza garaikideak ere ageri dira erakusketan. Itziar Okarizek, esaterako, Oteizaren obrari aurrez aurre erreparatzen dio Las estatuas lanean, erakusketan sartu eta berehala; ikus-entzunezko instalazioan, eskultorearen lanekin dituen hizketaldiak ikus daitezke.
"Erakusketa honetan aparteko interesa dute jauzi kronologikoek, garai desberdinak lotzen dituzten jauziak. Oteizaren Cabeza de Apóstol pieza, 1950. hamarkada hasierakoa, eta Itziar Okarizen performancea, edota, beste atal batean, gorputz berrien inguruko diskurtsoetan Ion Munduate eta Mari Paz Jimenez elkarrekin ikustea. Horiek erakusten digute benetan bilduma honen zentzua zein den".
Mugimendu sozialekin
Sorkuntza artistikoen eta gizarte mugimenduen arteko gurutzaketak interes handiko gertakariak ekarri zituen, eta erakusketak Gasteizko langile auzoetan, 1958 eta 1968 urteen artean, eraiki zituzten hiru elizak nabarmendu ditu: San Mateo, Koroatzea eta San Frantzisko. Industrializazioak bizi-baldintza berriak ekarri zituen, eta eztabaida sozial eta politikoaren topaleku ere izan ziren parrokiak. "Vatikanoko II. Kontzilioaren testuinguruan, gizartea elkartzeko eta biltzeko tokiak izan ziren elizak, eta langileen borroketan inplikatu ziren apaizak ere izan ziren orduan", gogoratu du Martinez Goikoetxeak. Martxoaren 3ko gertakari lazgarriek aparteko lekua dute erakusketan, eta, tartean, Koldo Larrañaga apaizak ere; bere argazki eta dokumentuak bildu dituzte erakusmahai batean. "Zinema eta argazkilaritza pasioa zituen Larrañagak, eta ondo jaso zituen garai latz hartako gertakariak". Francoren diktaduraren aurka zeuden artistak eta errepresaliatutako langileen egoeraren aurrean konpromiso irmoa agertu zuten idazle eta artistak ere jaso dituzte; Estampa Popularreko Maria Franciska Dapena eta Agustin Ibarrola, edo Gabriel Aresti, Blas de Otero eta Gabriel Celaya bezalako poetak.
Hamarkada hauetan ekoitzitako arteak etxean eta nazioartean ere izan zuen lekua azpimarratu nahi izan dute, eta erreferentziazko erakusketak ageri dira. Besteak beste, Oteizarekin 1957ko Sao Paulo Bienalera gerturatzen da Artium bidaia honetan, 1958kora Eduardo Txillidarekin, edo 1986kora Cristina Iglesiasekin. 1964ko Kasseleko Documenta topaketak ere lekua du bertan, nazioarteko hitzorduen artean, Txillidak eta Antoni Tapiesek honetan parte hartu zutela gogoan. "Erakusketako atal honek erakusten du nolako oihartzuna izan zuten euskal artistek diktadurak babestutako politika kulturalen ondorioz, nazioartera modernitate irudi bat zabaltzeko helburuarekin abian jarritako politiken ondorioz, eta nola artistek eurek atzera egiten zuten zenbait proposamenekin", nabarmendu du Martinez Goikoetxeak.
Erreferentziazko hitzordua izan ziren, baita ere, 1972ko Iruñeko Topaketak, nazioarteko hainbat artista erakarri zituen azoka. Honetan, besteak beste, Dionisio Blanco bizkaitarraren El proceso de Burgos pieza erretiratu zuten, eta protesta ekarri zuen atzetik, beste zenbait artistaren babesarekin; Agustin Ibarrolak, beste artista batzuek egin zuten moduan, bere obra kentzea erabaki zuen.
Erakusketan aurrera, euskal arte garaikideak belaunaldi berrien formazioarekin eta pedagogiarekin zuen ardura erakusten du, Euskal Eskolako artistekin, Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta edota Rafael Ruiz Balerdiren eskutik. "Edota Gasteizko Orain taldeko Karmelo Ortiz de Elgea eta Juan Miegen eskutik", azaldu du erakusketaren komisarioak. Horietako batzuk museoaren programazioaren testuinguruan egindako ikerketei eta azterketa kasuei buruzkoak dira, tartean Esther Ferrerren esperientzia pedagogikoak. Artiumek berak museoaren kanpoaldean paratu behar duen Zenbaki lehenak obraren proiektu eta zirriborroak ere jaso dituzte, gainera, erakusketan; artista donostiarrak aire librean jartzeko egin zuen lehendabiziko obra izan zen, Gasteizko Prado parketik Artiumeko plazara eramango dutena.
Eskulturan mugarri
Artiumek proposatutako bidaia berezi hau argazki, bideo, margolan eta eskultura artean egingo du bisitariak. Euskal Eskultura Berria moduan izenez ezagutzen denaren aurrekari gisa, 1980ko hamarkadan Bilbon Mitos y delitos talde erakusketa egin zuten, mugimendu berria ezagutzera emateko erakusleihoa. Besteak beste, Txomin Badiola, Angel Bados eta Pello Irazu edo CVA kolektiboko Juan Luis Moraza eta Maria Luisa Fernandez ere aurki daitezke bidean. Kolektiboaren piezen artean aurkitzen da AU, esate baterako, erakusketa proiektuari hasiera emateko erabili zuten izenarekin lotura duena.
"Une hartan ere Geométricos vascos bezalako erakusketa kolektiboak antolatu ziren, emakumeak oso presente dauden bildumak –Juncal Ballestin, Ines Medina eta Maria Luisa Fernandezek parte hartu zuten–. Erakusketak parte-hartze hori berreskuratu nahi du, diskurtso hegemonikoenak hautsi zituzten lanak", azaldu du komisarioak. 80ko hamarkada hasieran Emakumeak Gaur erakusketa da azpimarratzekoa, Elena Mendizabal moduko artistekin, edo 90eko hasierako Transgenéricos, feminitate berri bat eta maskulinitate berri bat eraikitzea proposatzen zuten bildumak.
Funtsen berrantolaketa
Aurkeztu berri duten erakusketaren aurretik, azken hiru urteetan, Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian izeneko erakusketa izan da Artiumeko funtsak bildu dituena, 1977tik 2002ra bitarteko praktika artistikoak gertakari historikoekin erlazionatu dituena. Horiek berrantolatuta dator erakusketa berria, Martinez Goikoetxeak nabarmendu duenez. "Pozik gaude aurrekoak egindako bidearekin. Ibilbide berrietarako proposamenak egin ditu. Azken batean, aurreko bildumak eta honek ere euskal arte garaikidearen inguruko irakurketa bakarrarekin apurtu nahi dute, begirada berrietara zabaldu nahi dugu, baita elkarrengandik urrun dauden begiradak ere, bakoitzak nondik begiratzen duen".
Bilduman berriki sartutako erosketa eta dohaintza berriak ere aurkezten dira erakusketa berrian. Horien artean, aipatzekoak dira Nestor Basterretxearen familiaren artxiboak, Juana Cima artistaren funtsa eta Juncal Ballestin eta Jose Felix Gonzalez Placerren legatuak. Gainera, beste erakunde, museo eta bilduma batzuen laguntzarekin prestatu dute; besteak beste, Bilboko Arte Ederren Musoa, Chillida Leku, Euskadiko Filmategia edo Sancho El Sabio Fundazioaren laguntzarekin.
Artiumek hurrengo hilabeteei begira egin duen apustu handi hori antolatzen, Kike Martinez Goikoetxea komisarioarekin batera, Beatriz Herraez museoaren zuzendaria, Elena Roseras kontserbatzailea, Sergio Rubira arte historialari eta irakaslea eta Thomas Boutoux antropologo eta editorea ere aritu dira elkarlanean.