Euskal Trenbide Sareko hitzarmenaren negoziazioen "blokeoa" salatu dute

Erredakzioa 2023ko api. 11a, 15:50

Sindikatuen elkarretaratzea tranbiaren Salburuko geltoki berrian. / Argazkia: ELA

ELA eta LAB sindikatuek deituta, Salburuko tranbiaren inaugurazioa baliatu dute ETSko langileek "blokeo egoerari lehenbailehen amaiera ematea" exijitzeko.

Astearte honetan inauguratu dute Salburuko tranbia, baita bost geraleku berriak ere. Horrekin batera, hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatzeko elkarretaratzea egin dute Euskal Trenbide Sareko (ETS) langileek, enpresa batzordearen gehiengoa osatzen duten ELA eta LAB sindikatuek deituta. Beren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko erakunde publikoaren zuzendaritzak "blokeatuta" ditu negoziazioak.

Oraingoan Gasteizen baina asteartero Bilboko Albian eta Bilboko Alde Zaharrean egiten ari diren mobilizazioen ildotik, hainbat eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari: "Erosahalmena berreskuratzea eta bermatzea. Sailek (zirkulazioa, mantentze lanak, bulegoak...) behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko adina lanpostu sortzea. Hitzarmeneko lanpostuen barne sustapenean aukera berdintasuna bermatzea. Kanpoko kontratazio poltsa publiko eta inklusiboak bermatzea. Kontratu prekarioei betoa jartzea. Eta telelana erregulatzea".

Azkenik, enpresari zein eskumena duten erakundeei eskatu diete "blokeo egoerari lehenbailehen amaiera emateko". Hala ez balitz, bi sindikatuek "protestak areagotzeko" prestasuna iragarri dute.

Erlazionatuak

Martxan da Salburuko tranbia

Erredakzioa 2023 api 11 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago