Apirilaren 1etik normaltasunez abian dagoen arren, Salburua auzoa Gasteizko tranbiaren sarearekin lotuko duen ibilbide berriak gaur hartu ditu lehen bidaiariak. Egun osoan zehar doakoak izango dira bidaiak, eta bihartik aurrera egunero izango dira bidaia komertzialak, herritarrek ibilbidearekin, geltoki berriekin eta ordutegiekin ohitzeko aukera izan dezaten. Baina ez da inauguraziorik izango, Hauteskunde Legea dela eta.
Hiriburuaren ekialdean bi kilometro eta erdiko luzera eta bost geltoki berri izango ditu tranbiaren hedatze berriak:
- Santa Lucia: Jacinto Benavente kalean.
- Ilíada: Salburuko gizarte etxearen parean.
- Nicosia: Salburuko Bulebarrean.
- La Unión: Salburuko Bulebarrean, La Union plazaren ondoan.
- Salburua: Martxoak 8 Etorbidean (14 minutu Legebiltzarreraino, eta 31 minutu Ibaiondoraino)
Ibaiondo-Salburua linearen bitartez, 15 minutuero lotuko du tranbiak auzoa erdialdearekin. Arriaga-Lakua edo Abetxukora joateko, aldiz, tranbiaz aldatu beharko da Florida eta Honduras kaleen arteko geltokiren batean. Lehenengo tranbia 06:14an irtengo da Salburua geltokitik, eta azkena 23:25ean. BAT txartela erabili eta balidatzeaz gain, nasetako makinetan txartel indibiduala erosteko aukera izango da, 1,50 euroko prezioan.
Salburuko adarrari esker, 3.700 biztanlek tranbia geltoki bat izango dute etxetik bost minutu baino gutxiagora; gainera, 18.300 herritarrek hamar minutu baino gutxiagora izango dira.
Horretarako, 25 milioi euro inguruko inbertsioa egin dute erakundeek: Eusko Jaurlaritzak finantzatu du %65a, eta gainerako %35a Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak jarri dute, erdibana. Lanak bi urte eta erdi baino gehiago luzatu dira.
Gasteizko tranbiaren hurrengo urratsa Zabalganeraino zabaltzea izango da. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, ETSren bitartez, martxoaren amaieran atera zuen lizitaziora eraikuntza-proiektuaren idazketa. Horretarako aurrekontua 550.000 eurokoa izango da, 15 hilabeteko egikaritze-epearekin.
ARGAZKIAK
ORDUTEGIAK