Umeen osasun publikoa ere jokoan

Erredakzioa 2023ko api. 3a, 09:30

Familien agerraldia, larunbatean. / Argazkia: Umeen Osasun Publikoa Aurrera

Arabako ehun familia baino gehiago elkartu dira "kalitatezko pediatria publiko bat" aldarrikatzeko, Osasun Sailari "180 graduko bira" eskatzeko, eta Osasun Publikoa Aurrera plataformak apirilaren 22rako deitutako mobilizazioekin bat egiteko.

Larunbatean, apirilaren 1ean, bere burua aurkeztu zuen Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataforma, Euskal Herrian zehar azken hilabeteetan sortutako herri ekimenen ildo berean, "osasun publikoaren egoeragatik kezkatuta" dagoen guraso eta tutore taldea.

Kasu honetan, pediatria zerbitzuaren "egoera larria" salatu dute, eta beren seme-alabek jasotzen duten arreta medikoaren aurrean "familia askok sentitzen dugun kezka" aditzera eman nahi izan dute: "Osasun zentroetan pediatria zerbitzuak eskatzean, askotan, hainbat zailtasuni egin behar diegu aurre: administrazioarekin harremanetan jartzeko ezintasuna, itxaron zerrenda luzeak, aurrez aurreko arreta jasotzeko zailtasuna, protokolo komunik eza, denbora gutxi gaixoekin, arreta euskaraz jasotzeko ezintasuna edo zailtasuna...", azaldu dute.

Halaber, profesionalekin lotutako "arazoak" daudela ohartarazi dute: "Askotan, familiek ez dute erreferentziazko erizainik, ezta pediatrarik ere. Euren bajak, baimenak eta oporrak ez dira ordezten, eta, ondorioz, zenbait osasun zentro hilabeteak egoten dira pediatrarik gabe. Beste kasu batzuetan, pediatriakoak ez diren profesionalek artatzen dituzte adingabeak".

Familia horien ustez, hori guztia "ez da ausazkoa, lehen mailako arreta desegiten ari dira, eta hau beste ondorio bat besterik ez da". Gogora ekarri dutenez, osasun langileen aldarrikapen historikoa da, eta profesionalek 20 urte baino gehiago daramatzate salatzen EAEn "ez dagoela pediatriako langile nahikorik".

Gaur egun, Arabak pediatriako 43 plaza ditu, eta horietatik hamar bete gabe daude; hau da, plaza guztien %25. Gainera, hiriburutik harago, landa eremuan egoera "are kezkagarriagoa" dela ohartarazi dute: "Langilerik ez dagoenez, askotan, pediatrak beharrean, familia medikuak arduratu behar dira. Hortaz, beste zerbitzuen bidez konpondu daitezkeen kasuetan, Larrialdietara joatea sustatzen da, eta horrek Larrialdiak kolapsatzea dakar, itxarote-orduak eta gaixo kopurua handituz". Azaldu dutenez, Txagorritxuko Larrialdietan 40 adingabe pilatzeraino iristen dira zenbait asteburutan.

Etengabeko Arreta Gune bat

Lehenik eta behin, haurrak artatzen dituzten profesional guztiei "elkartasuna" adierazi diete familiek, "euren aukeren gainetik", "lan baldintza prekarioekin" eta "egonkortasuna bermatu gabe" lan egiten dutelako.

Egoera horren aurrean, Pediatriako Etengabeko Arretarako Gune bat sortzea eskatu dute, eta, horrekin batera, "arreta aurrez aurrekoa izatea, protokolo komunak ezartzea, erreferentziazko pediatrak eta erizainak izatea, profesional bakoitzeko haurren kupoa jaistea, hizkuntza eskubideak errespetatzea euskarazko arreta bermatuz, eta beste hizkuntzetara itzultzeko zerbitzuaren beharra ikusgarri egitea eta erraztea".

Apirilaren 22an, kalera

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "180 graduko bira" egitea eskatu diete. "Egungo egoera hamarkada askotan zehar indarrean egon den kudeaketa politika desegokien ondorioa da. Egiturazko arazo larriak ez dira egun batetik bestera konponduko. Horregatik, aldaketa garrantzitsuak egitea atzeraezina da", aldarrikatu dute. "Inflexio-puntu bat ezarri behar da, osasun publikoa ez desegiteko eta zerbitzu publiko hurbila, atsegina eta eraginkorra eraikitzeko. Lehen mailako arreta eta prebentzioa erdigunean jarriko dituen osasun zerbitzua".

Azkenik, apirilaren 22an, larunbatean, EAEko hiriburuetan egingo diren manifestazioekin bat egitera deitu dute: Gasteizen, 12:00etan Bilbo Plazatik; Bilbon, 12:00etan Bihotz Sakratuaren plazatik; eta Donostian, 17:00etan Bulebarretik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide