Gorka Urtaranen agurra: bertso bat eta akordioei gorazarre

Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 15:30

Bertso bat bota, zortzi urteko alkatetzari agur esan eta bi legegintzaldien balantzea egin du gaur Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Hiriak akordioetan, gizarte arretan, ekonomian eta modernitatean egindako urratsak nabarmendu ditu.

Bi hilabete eskas falta dira maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako, eta iritsi da unea: Gorka Urtaranek agur esan dio Gasteizko alkatetzari, eta udal gobernuaren buruan emandako zortzi urteen eta bi legegintzaldien (2015-2019 eta 2019-2023) balantzea eskaini du ostiral honetako prentsaurrekoan. Hori bai, lehenago, bertso bat bota eta honela ireki du hitzartzea:

 

Koalizio gobernuan lankide izan dituen zinegotziei, zuzendaritza eta komunikazio taldeei, funtzionarioei, Udalak kontratutako enpresei eta Udalarekin elkarlanean aritzen diren erakundeei eskerrak emanez amaitutako hitzartzean, Urtaranek bere alkatetzaren errepasoa egin du, azpimarratuz "elkarrizketa eta akordioak" bere kudeaketaren ardatz nagusiak izan direla. "2015ean, alkate makila jaso nuenean, amorru soziala zen nagusi. Gaur egun, ordea, itun horiei esker lasaiagoa den eta aurrerapen handiak izan dituen gizartea lortu dugu, besteak beste, arreta sozialean, onbideratze ekonomikoan, auzoen modernitatean, herritarren partaidetzan edo kulturan".

Zentzu horretan, "herritarren ongizatea handitzea" helburu izan duten zenbait akordio nabarmendu ditu alkateak. Alde batetik, beste alderdiekin lortutakoak: EAJ eta PSEren arteko gobernu akordioa, HAPOa, elkarbizitzarako konpromisoa, herritarren parte hartzerako plana, terraza eta mahaitxoen ordenantza... Bestetik, beste erakunde batzuekin itundutakoak: hiriburutza kanona, gizarte zerbitzuen eskumenen banaketa, Mobility Lab, BEI ezartzea, tranbia Salbururaino eta Zabalganaraino eramatea, trenaren lurperatzea, Terrorismoaren Biktimen Memoriala, Martxoaren 3ko Memoriala...

Akordio horien guztien zenbatekoa 100 milioi euro baino gehiagokoa dela azpimarratu du, eta gogorarazi du horri Zaramaga birgaitzeko bideratutako 25,5 milioi euroak eta Europako Next Generation funtsetatik iristen ari direnak (24 milioi euro emanda eta 18,5 ebazpenaren zain) gehitu behar zaizkiola.

Halaber, euskararen arloan, Izaskun Arrue Kulturgunea (Gasteiz Antzokia) euskal kulturaren "epizentro" gisa lanean hastear dagoela ospatu du.

AHTa, intermodala eta aireportua

Egindako lana errepasatzearekin batera, alkateak "etorkizun ekonomikorako funtsezkoak" diren hiru azpiegiturak aipatu ditu: Abiadura Handiko Trena (AHT), Jundizko geltoki intermodala eta Forondako aireportua. "2022ko uztailean esleitu zen hirirako lurpeko sarbideari eta geltoki berriari buruzko oinarrizko proiektua. Jundizeko intermodala birmoldatzeko eta zabaltzeko dagoeneko abian dauden lanei esker, Gasteizko nodoaren garapena eta Atlantikoko tren korridorearekiko konexioa bultzatuko dira", ospatu du Urtaranek.

Forondari dagokionez, bidaiari kopurua 7.064 pertsonatik 235.186 pertsonara igo dela azpimarratu du. "Zamalanek errekorreko zifrak izan dituzte, eta urte hauetan guztietan H24, mugako ikuskaritza gunea, berreskuratu da eta VIAk lehen ez zeuden edo arretarik ematen ez zuten zerbitzuak jarri ditu abian".

Hiriaren modernizazioa

Bestalde, auzoetan egindako inbertsioak (107 milioi euro) goraipatu ditu Urtaranek: Koroatze auzoaren birgaikuntza, Santa Barbara plaza, ospitalea, Konstituzio plaza, San Anton plaza, Etxauri plaza, Memoriaren plaza... Baita, epe laburrera begira, Herrandarren kalea birmoldatzeko eta Zaramaga berroneratzeko proiektuak ere.

Ildo horretan kokatu ditu, halaber, hiriko kale ugariren erreformak, kirol instalazio eta haurrentzako jolasguneen berrikuntzak, mugikortasun jasangarriarekin lotutako modernizazioak, bizikletaren erabilera bultzatzeko neurriak (42,6 kilometro gehiago, dagoeneko 194 kilometroko sarea), asfaltatze lanak, aparkaleku berriak auzoetan edota eskola inguruneetan zirkulazioa lasaitzeko neurriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago