Udaberria ate-joka dago, loratutako almendrondoek poeta arima dutenei zein Ticketbai sistemarekin lehiatu behar direnei ederki asko gogora ekarri dietenez. Zoratutako maitaleentzako aproposak diren garai hauetan Oscar sariek erakartzen dute arreta gehien. Osterantzean, aurten lehiakide gogorra atera zaio Hollywoodeko jendeari: aurtengo Gasteizko Kantari udaberri bete-betean dator.
Asteburu honetan paratu dute aurtengo hitzordua, hilaren 18 eta 19an. Ohi bezala, Dendaraban izango da ikuskizuna, Vital Fundazioa Kulturunean. Baina internet bitartez ere jarraitu ahal izango da, alea.eus-en bertan.
325 artista
Aurrekoetan bezala, aurtengoan ere gainezka egin dute eskariek: ia 600 izen-emate jaso dira. Tamalez, guztientzako lekurik ez eta, beste behin ere, zozketa bidez ebatzi behar izan dira parte hartu ahalko duten 325 gaztetxoak.
Gasteizko hamasei ikastetxetatik etorritako artista txikiek joan den asteburuan egin dute azken entsegua: Abendaño, Angel Ganivet, Aranbizkarra, Arantzabela, Armentia, Barrutia, Carmelitas, Errekabarri, Ikasbidea, Lakuabizkarra, Odon de Apraiz, Olabide, Presentacion de Maria, Salburua, San Martin eta Toki Eder. Abestiak eta koreografiak prestatu dituzte, oholtza gainean dena emateko. Aurreko edizioetan parte hartu duten guztiek ondotxo dakitenez, lehiaketak ez du lehiaketa izaerarik. Helburu bakarra izango da ondo pasatzea, bai eta Gasteizko gaztetxoen artean euskararen erabilera bultzatzea ere. Informazio osagarria behar dutenek eskura dute 640 574 996 telefonoa, edo eta kantari@geuelkartea.eus posta elektronikoa ere.