Ohiko datak aldatu ostean, Kantari ikuskizunaren edizio berria 2023ko udaberrian ospatuko da. Aurreko edizioetan bezala, parte hartu nahi duten gazteek, gelakideekin batera, lau eta bost lagun bitarteko taldeak osatu beharko dituzte eta galdetegi bidez izena eman.
Hasiera batean, izena emateko epea Gabonen aurretik ixteko asmoa izan arren, azken orduko partaidetza kopuru altua eta jasotako zalantza ugariak ikusita, Kantari ikuskizuneko antolatzaileek izen-emate epea luzatzea erabaki dute. Horrenbestez, datuen bilketa behar bezala egin ahal izateko, urtarrilaren 15era arte izango da zabalik izen-ematea. Gainera, antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute taldeak behar bezala osatu ahal izateko taldekide guztiek bete beharko dutela galdetegia.
Partaide kopuruaren arabera, eta beharrezkoa bada, zozketa egingo da izena ematen duten guztien artean. Horren ostean, abestien banaketa egingo da eta talde bakoitzari egokitutako kanta jakinaraziko zaio. Hortik aurrera, parte-hartzaileek martxora arteko tartea izango dute abestiak ikasi, koreografia prestatu eta nahi adina entseatzeko.
Azkenik, Kantari 2023ko martxoaren 18an eta 19an ospatuko da, eta, aldez aurretik, martxoaren 11n eta 12an entsegu orokorra egingo da Vital Fundazioaren Dendarabako aretoan.
Zalantzak argitu edota informazio osagarria eskuratzeko, gurekin harremanetan jar zaitezke honako kanalen bidez:
- Telefono bidez: 640 574 996
- Posta elektronikoz: kantari@geuelkartea.eus