Nola bultzatu haurren sormena eta pentsamendu kritikoa?

Erredakzioa 2023ko mar. 1a, 20:30

Haur filosofia tailer bat. / Argazkia: filosofiafaktoria.eus

Haurrekin filosofia, sormena eta pentsamendu kritikoa lantzeko, helduei zuzendutako euskarazko tailer bat antolatu du Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak martxoaren 16rako, Imanol Alvarez Jakinmin Elkarteko kidearen eskutik.

Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak euskarazko ekitaldien eskaintza indartzeko apustua egin du 2023ra begira, eta horietan parte hartzeko deia luzatu die arabar guztiei. Urtarrilean eta otsailean hiru tailer antolatu ostean, abiatutako bidea sendotu nahi dute.

Izan ere, tailer horietako bat, haurrekin Haur Filosofia lantzen duena, maiatzera arte luzatuko da, hilabetean behineko saioak baitira.

Antolatzaileek lehen saioen oso balorazio positiboa egin dute, eta orain, berriz, helduekin ere saio bat egingo dute: datorren martxoaren 16an izango da, ostegunean, 17:30ean. Imanol Alvarez Jakinmin Elkarteko kideak Haur Filosofia helduei esplikatua izeneko formakuntza teoriko-praktikoa eskainiko du, eta haurrekin sormena eta pentsamendu kritikoa lantzeko trebetasunak erakutsiko dizkie saiora bertaratzen diren helduei.

"Pentsatzea baliogarria bezain dibertigarria delako. Haurrentzat interesgarriak diren galderetatik abiatuta, elkarrizketa kooperatibo eta argudiatuaren bidez filosofia nola baliatu, haurrengan hausnarketarako gogoa eta gaitasuna sustatzeko. Hori baita formakuntza honen helburua, helduok gure haurrei beraien burua gara dezaten laguntzen ikastea. Nola lagun diezaiekegu?", azaldu dute antolatzaileek.

Izen-emateak Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko Haur eta Gazte Sailean, ccuinfantil@araba.eus helbide elektronikoan edo Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen webgunean egin beharko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago