Haur, gazte eta helduentzako tailerrak euskaraz Ignacio Aldecoa Kultura Etxean

Erredakzioa 2023ko urt. 16a, 13:00

Hitzaldi bat Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. / Argazkia: @BiblioAldecoa

Haurrentzako filosofia, gazteen osasun mentala eta sare sozialen gehiegizko erabilera lantzeko euskarazko saioak eskainiko ditu Kultura Etxeak urtarrilean eta otsailean.

Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak euskarazko ekitaldien eskaintza indartzeko apustua egin du 2023ra begira, eta horietan parte hartzeko deia luzatu diete arabar guztiei. Oraingoz, urtarrilean eta otsailean hiru tailer antolatu dituzte Florida Parkeko espazioan. Lehenengo lantegia haurrei zuzenduta dago eta maiatzera arte luzatuko da, hilabetean behineko saioak izango baitira. Beste biak, berriz, helduentzako hitzaldiak dira, eta gazteen egoera dute ardatz.

Izen-emateak Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko Haur eta Gazte Sailean, ccuinfantil@araba.eus helbide elektronikoan edo Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen webgunean egin beharko dira.

Jakinmin: filosofia saioak haurrekin

"Pentsatzea baliogarria bezain dibertigaria delako", urtarriletik aurrera 6 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako filosofia saioak eskainiko dituzte. Saio guztiak 18:00etan izango dira, hilean behin, ostiraletan: urtarrilaren 20an, otsailaren 17an, martxoaren 17an, apirilaren 21ean eta maiatzaren 12an.

Bizitzak, munduak eta unibertsoak hainbat gai misteriotsu dituzte gordeak. Haiei buruzko galderak egin al dizkiozu noizbait zure buruari? Lagun talde batekin zure iritzia partekatu nahi duzu? Besteena entzun? Elkarrizketa batean zure ideiak azaltzeko prest? Denok detektibe, ikerlari eta esatari! Pentsatzea baliogarria bezain dibertigarria delako. Anima zaitez zu ere!

Haur eta gazteen osasun mentala pandemia ostean

Maribi Armendariz Iraola psikologo kliniko eta Arabako Osasun Mentaleko Haurren eta Gazteen Eguneko Ospitaleko langilearen eskutik, urtarrilaren 26an, 19:00etan Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko areto nagusian, pandemiaren ostean haur zein gazteen osasun mentalak bizi duen egoera izango dute hizpide. Armendarizen ospitalean, 18 urte arteko pertsonak artatzen dituzte, eta pandemiaren ostean zerbitzua erabiltzen duten pertsona kopurua nabarmen handitu da.

Elikadura nahasmenduak, gizartearen eskaerei aurre egin ezina, antsietatea, autolesioak, bere buruaz beste egiteko saiakerak, sexu-abusuak, trauma osteko estresa, osasun mentaleko arazo larriak… Zein ondorio utzi dituzte pandemiak eta gaur egungo gizartearen ezaugarriek gure haur eta gazteen osasun mentalean? Zer arazo klase dute Osasun Mentaleko Haurren eta Gazteen Eguneko Ospitalera bertaratzen direnek? Gizarte gaixo batek gaixotzen al ditu haur eta gazteok? Zer egin dezakegu guzti honen aurrean?

Irakurri hemen 2021ean ALEAn eskainitako elkarrizketa: "Gizarte gaixo batera goaz, eta gazteak eta umeak dira ahulenak".

Mugikorrak, sare sozialak eta gazteak

Hirugarren saioan, otsailaren 6an 19:00etan areto nagusian, Telmo Lazkano Muga historialari eta Gizarte Zientzia eta Ingeleseko irakasleak mugikorren zein sare sozialen gehiegizko erabilerak gazteengan eragindako ondorioak izango ditu hizpide.

Telefono mugikorren eta sareen erabilera masiboaren ondorio kaltegarriei buruzko kezka gogoan eta arazoa teoria aldetik sakon ikertu ondoren, irakasle honek 15-16 urteko gaztetxoei borondatezko ariketa bat proposatu zien: aste batez, bai berak bai bere ikasleek mugikorrak eskolan utzi zituzten eta koaderno batean beraien eguneroko bizitza nola aldatzen zen adierazteko konpromisoa hartu. Internet poltsikoan eramateak gugan dituen ondorioei buruzko hausnarketa.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago