Hainbat urteko lanaren uzta jasotzeko garaia heldu da. Zinema jaialdietan zein nazioarteko prentsa espezializatuan jasotako kritika onak iragartzen ari ziren bezala, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarraren bigarren film luzea arrakasta handiarekin iritsi da zinema aretoetara.
Ostiralean estreinatu ostean, Irati historia osoko euskarazko estreinaldirik onena bihurtu da: 204.000 euro bildu ditu lehenengo asteburuan, ostiraletik igandera bitartean. Gainera, Euskal Herriko zinema aretoetako leihatiletan lidergoa lortu du azken egunetan.
Euskararen zabalkundeari egindako ekarpena historikoa izan da ere, Filmax banaketa enpresa katalanaren eskutik: nazioarte mailan banatutako 112 kopien erdia baino gehiago jatorrizko bertsioan daude. Hortaz, euskara Malaga, Oviedo, Leon, Salamanca, Valladolid, Bartzelona, Madril, Valentzia, Lugo, Las Palmas eta Logroño bezalako hirietako pantaila handietara iritsi da, euskal mitologian eta VIII. mendeko historia uztartzen dituen film honi esker.
Urteko film luzerik onena
Leihatilak leherrarazteaz gain, Irati filmak beste aintzatespen garrantzitsu bat lortu du asteburu honetan: Euskal Zinemaren Astearen 39. edizioko publikoaren saria urteko euskal film luze onenari. Urkijoren filmarekin batera, larunbateko amaiera ekitaldian, Beatriz de Silva zuzendariaren Tula opera primak irabazi zuen film labur onenaren saria; David Perez Sañudok, berriz, Gutariko Bat saria jaso zuen.
Vital Fundazioak antolatzen duen zinema jaialdia otsailaren 20tik 25era bitartean ospatu da, 1.600 ikusle baino gehiagorekin, egunero edukiera betez, eta sei film luze eta bost film labur eskainiz; horien artean, Goya Sarietatik igaro diren Cinco lobitos, La consagración de la primavera eta, larunbatean, Irati.