David P. Sañudorentzat izango da Euskal Zinemaren Asteko 'Gutariko bat' saria

Erredakzioa 2023ko ots. 23a, 13:30

David P. Sañudo zinemagilea. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Larunbatean, otsailaren 25ean, Gutariko bat saria jasoko du David Perez Sañudo zinemagileak, Euskal Zinemaren Astearen 39. edizioaren amaiera ekitaldian. Besteak beste, gidoi egokitu onenaren Goya Saria jaso zuen Ane filmagatik.

Astelehenetik martxan da Vital Fundazioak antolatutako Euskal Zinemaren 39. Astea, eta larunbatera arte luzatuko da. Egun horretan, 19:30etik aurrera Paul Urkijoren Irati filma proiektatzeaz gain, itxiera gala eta sari banaketa egingo dute Vital Fundazioa Kulturunean.

Publikoak film luze onenaren saria eta film labur onenaren saria erabakiko ditu, baina antolatzaileen epaimahaiak dagoeneko iragarri du David Perez Sañudo zuzendariari emango diotela Gutariko bat saria. Edizio bakoitzean, sektoreko profesional arabar garrantzitsu bati ematen zaio saria.

Sañudo Bilbon jaio zen, baina urteak daramatza Gasteizen bizitzen, baita bertan bere zinemagintza lana garatzen ere. Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea, ekoizlea, gidoilaria eta zinema zuzendaria da. 2019an, bere lehenengo lan handia idatzi eta zuzendu zuen, Ane filma, thriller politikoaren eta drama familiarraren nahasketa, eta zinema independentearen errebelazio handienetako bat bihurtu zen.

Urtebete geroago estreinatu zen filma Donostiako Zinemaldian, eta Euskal Film Luze Onenaren Irizar Saria eta Euskal Gidoi Onenaren Saria eskuratu zituen. Ondoren, Warsaw Film Fest jaialdian (Varsovia) eta Habanako Zinemaldian aurkeztu zen filma, besteak beste. Gainera, 2021eko Goya Sarietan, Ane faboritoetako bat izan zen, zazpi izendapen lortuz (tartean film onenarena eta zuzendari onenarena). Azkenean, Marina Paresekin batera, gidoi egokitu onenaren Goya Saria irabazi zuen Sañudok; Patricia Lopez Arnaizek irabazi zuen aktore protagonista onenaren saria; eta Jone Laspiurrek errebelazio aktore onenarena.

Baina aurretik ere ibilbide luzea egina zuen Perez Sañudok. Izan ere, 2010 eta 2023 artean dozena bat film labur baino gehiago zuzendu ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira Un coche cualquiera (Clermont Ferrand-en estreinatua eta 2021eko Goya shortlist delakoan hautatua), La Colcha y la Madre (Malagan, Varsovian edo Guadalajaran hautatua eta Medina del Campon saritua), Vatios (Eusko Jaurlaritzaren Itxitik deialdiaren barruan, Zinebin eta Aguilar de Campon hautatua eta MCIPen Zuzendaritza Onenaren Sariaren irabazlea), eta Au Pair (2022an Forque Sarietarako izendatua). Bere lan gehienak Vital Fundazioaren Euskal Zinemaren Astean erakutsi dira.

Gaur egun, Sacamantecas film luzea prestatzen ari da, film luzeak ekoizteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza programarekin eta ETBrekin lankidetzan. Aldi berean, 50 picogramos lanean dihardu, SGAEren VII. Idazketa Laborategian (2019), MEDIA Koprodukzio Laborategian eta Garapen Tailerrean, Akademiaren Egoitzan (2021), eta Sevillako Zinemaldiko EAVEn (2021) finalista hautatutako proiektua.

Amania Films ekoiztetxe arabarraren bidez egindako proiektu horiez gain, Perez Sañudok Los últimos románticos filmaren gidoia idatzi du, Txani Rodriguez idazle laudioarraren eleberri sarituaren egokitzapena; 2024ko urtarrilean filmatuko da.

Ibilbide horri esker, etorkizun handia duten Espainiako hamar zinemagileen artean kokatu du Variety aldizkariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago