Eragiteko janzten

Helduen euskalduntzea Gasteizen: motibazio iturrien bilakaera

Erredakzioa 2023ko ots. 20a, 18:30

40 bat lagun bildu ziren otsailaren 14an Montehermoso Kulturunean, Eragiteko janzten jardunaldien lehen saioan. Euskaltegiak, helduen euskalduntzea eta motibazio iturrien bilakaera izan zituzten hizpide.

Ruben Sanchez Bakaikoak bideratu zuen Eragiteko janzten jardunaldien hirugarren edizioko lehen saioa, euskaltegietako ordezkarien eta 40 bat lagunen parte hartzearekin. Helduen euskalduntzea Gasteizen: motibazio iturrien bilakaera izan zen lehen hitzorduaren ardatza, aldez aurretik ALEAn argitaratutako Mende erdia Gasteiz euskalduntzen erreportajearen ildotik.

Saio guztiak bideoan ikusteko aukera izango da, hitzordu bakoitzetik egun batzuen burura.

Eragiteko janzten jardunaldiak

Berriz da abian Eragiteko janzten, Arabagara, GEU elkartea, Lazarraga, ALEA eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez. 2021ean jarri zuten hazia, eta, 2022an eragiten jarraitzeko asmoa berretsi ostean, aurten ere itzuliko dira jardunaldiak. Gasteizko euskaltzaleen gogoetarako gune eta une bat da, esperientziak partekatu eta aberasten jarraitzeko.

Hirugarren edizioa, lau hilabetez luzatu beharrean, otsailean eta martxoan izango da, hil bakoitzaren 14an eta 28an; lau saioak asteartetan izango dira, 18:30ean. Eta Oihaneder Euskararen Etxerik edota Gasteiz Antzokirik ez dagoenez, Montehermoso Kulturunean egingo dira.

Saioen zein izen-ematearen inguruko xehetasun guztiak Euskaltzaleen Topagunearen webgunearen atal berezian aurki daitezke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago