Harriak baino ez Legardagutxin

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute-PHOT.OK 2023ko ots. 16a, 10:06

XV. mendean, Mendozatarren menpe izan zen herriaren errota berreskuratzea aztertuko dute Arabako Batzar Nagusiek, EH Bilduren ekimenez. Historia luzea eta kanta ospetsua gorde ditu eraikinak.

Historiaren bueltak. XV. mendean, Mendozako dorretxearen menpekoa izan zen Legardagutxi herriaren errota; XX. mendearen hasieran, berriz, Alfredo Donnay konpositore gasteiztarrak ospetsu bilakatu zuen; eta, iragan astean bertan, EH Bilduko batzarkide taldeak aurkeztutako mozio bat onartu dute, errota historikoa eta bertako ingurune naturala berreskuratzea aztertzeko.

Egun, Legardagutxiko errotaren hainbat horma eta elementu gorde eta ikus daitezke oraindik, baina oso egoera kaxkarrean dago eraikina. Krispiña herritik hurbildu daiteke Legardagutxi inguruetara, baina zaila da sastrakaz betetako eremuan ezer ikustea. EH Bilduren arabera, "interesgarria izango litzateke geratzen diren egiturak garbitu eta mantentzea, eta era berean, aztertzea 1993 urtean Paquita Saenz de Urturik eta Ainhoa Dominguezek bertan egindako indusketak osatzeko aukera". Halaber, Zadorrako ibilbide berdearen adar bat errotarekin lotzea eskatu du EH Bilduk.

1418. urteko agiri bat dago, Legardagutxiko Dorrean, Maria de Gaunak sinatuta

Arabako Batzar Nagusietako talde guztiek babestu dute ekimena, eta horrenbestez, hurrengo hilabeteetan, ingurunea eta Zadorraren ertza egokitzeko egin beharreko lanak aztertuko dituzte, baita esku hartze arkeologikoa, Zadorrako ibilbide berdetik hura bisitatzeko adar bat egokitzea, eta hondakinak finkatzeko eta kontserbatzeko lanak ere. Bestalde, bertako historia eta ingurunearen berri emateko panel informatiboak jartzea aztertuko dute.

Errota zaharraren kanta

Panel horietan ez da faltako Donnayk 1934. urtean egindako Legardagutxiko errotaren kantaren erreferentzia. Berrehundik gora abesti sortu zituen poeta eta konpositore gasteiztarrak bere ibilbide luzean, eta 70. hamarkadan, Gasteizen ezagunak egin ziren bere abestien artean dago, hain zuzen, Viejo molino, edo gerora, El molino de Legardagutxi bezala ezagutarazi dena. Antza, Donnayk Legardagutxiko errotaren inguruko abestia sortu zuenean, inguru hori oso ezaguna zen herritarren artean, eta uda partean familiak eta bikoteak hurbiltzen ziren Lermanda herritik gertu dagoen Zadorraren ertz horretara eguna pasatzera, baita arrantzaleak loinak harrapatzera ere.

Eguna pasatzera joaten ziren familiak; eta loinak harrapatzera arrantzaleak

Alta, 60. hamarkadan errota abandonatu zuten; eta Krispiñako araztegia inguruan eraiki zutenean, Zadorra ibaiaren urak desbideratu ziren, ondoko lurzoruak landatu zituzten nekazariek, eta pixkanaka eremua sastrakaz bete zen.

Bizirik iraun duen Legardagutxi herriaren eta bertako errotaren aztarna bakarra Lermanda herriko iturriaren ondoan dagoen Legardagutxiko errotarria da. Erdi Arokoa da harria, XVI. mendearen amaieran dokumentatua.

Mendozako jauntxoen menpe

Garai hartan, XV. mendearen hasieran, Diego Fernandez de Olarte eta Maria de Gauna Legardagutxiko dorrearen jabeak direla ageri da dokumentuetan, eta Mendozako dorretxearen alkatea Fernandez de Olarte. Hain zuzen, 1418ko agiri bat dago, "Legardagutxiko dorrean" sinatuta, non Maria de Gaunak Iñigo Lopez de Mendozari, Santillanako markesa eta Mendozatarren oinordeko nagusiari, ogia ehotzeko errotarriak eta Duran zituzten hainbat jabetza (jauregia, mendiak eta zelaiak) saldu zizkion, 23.000 marabediren truke.

Mendozatarren eraginpean egon ondoren, Badaiako Santa Katalinako komentuaren menpe egon ziren Legardagutxi eta bere errota ospetsua, lehenik jeronimoekin, eta gero, 1818ko desamortizaziora arte agustindarrekin. XIX. mendean, berriz, Trespondeko Axpeako gurpilarekin batera, alokairuan eman zioten partikular bati.

Venancio del Val historialariak jaso duenez, Gasteizko hospizioak erosi zuen errota XX. mendearen hasieran; eta 1934an, Donnayk abesti ospetsua idatzi zuenean, Legardagutxiko "errotari zaharrak" Miguel Castillo Garaio eta Justa Ruiz de Arkaute Aranguren ziren, eta "gurtzen duten iloba" Maria del Carmen Lopez Castillo. Eraikinak bi solairu zituen abandonatu zutenean.

Errota garaiak

Araban dokumentatu diren lehen errotak Gaubean daude, Omecillo ibaian, IX. mendearen hasieran, Valpuestako (Burgos, Espainia) Santa Maria monasterioaren dohaintza bidez eskuratuak. Horrez gain, baditugu Erdi Aroko beste bi aipamen ere iringintzako industriari lotutako errota hauei buruzkoak; XIV. mendearen hondarrekoa da Eskanzanako errota, Zuñiga familiarena, eta 1478koa Komunioiko kontzejuaren errota. Garaiko herrietan eguneroko beharren osagai garrantzitsua zen errota. Pertsona eta abereen elikadura beharrak asetzera joaten zen bertara, ezinbestean. Bere garrantzia legerian, prozesu judizialetan, abestietan eta atsotitzetan, toponimia txikian eta mendeetan zehar sortu dituen lanbideen espezializazioan islatzen da. Era guztietako aleez gain, kakaoa, bolbora, karea edo olibak ehotzen zituzten. Oso maiz sortu zuten ere argi elektrikoa, herri askotara iritsi zen lehena. Gaur egun, industria modernoek ordezkatu dituzte eta desagertzera kondenatutako hondamendira murriztu dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago