Gida

Martxan da Gasteizko hezkuntza zentroen matrikulazioa

Erredakzioa 2023ko ots. 13a, 20:20

Puntuazio sistema berria 2 urteko geletan ezarriko da aurten. / ALEA

Otsailaren 24ra arte zabalik izango da 2023/2024 ikasturtean Gasteizko ikastetxeetan matrikulatzeko epea. Hainbat berrikuntza ezarri dituzte puntuazio sisteman, bizilekutik gertuen dauden ikastetxeak sustatuz.

Gaur hasi eta otsailaren 24ra arte luzatuko da datorren ikasturtean Gasteizko hezkuntza zentroetan matrikulatzeko epea, eta ikastetxea aukeratzeko puntuazio sistema berrian ezarritako aldaketek hautsak harrotu dituzte: erakundeen arabera, "hezkuntza sistema orekatzeko apustua da"; hezkuntza komunitateko familia askoren ustez, berriz, "segregazioaren aitzakian, euskaldunok eta sare publikoa galtzaile" aterako dira.

2019an Udalaren eta Hezkuntza Sailaren artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz, ohiko ikastetxeez gain, familiek Herritarren Arretarako Bulegoetan ere lortu dezakete matrikulazio prozesuari buruzko informazioa. Guztira, gizarte etxeetako hamaika bulego eta San Antonio kaleko udal bulego izango dira eskuragarri.

Matrikulazio prozesuaren epeak

  • Otsailaren 13tik 24ra: eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
  • Martxoaren 14an: eskatzaileen zerrendaren argitalpena (martxoaren 27ra arte eskuragarri).
  • Martxoaren 28an: behin-behineko zerrenden argitalpena (apirilaren 4ra arte eskuragarri).
  • Apirilaren 4ra arte: behin-behineko zerrendetako erreklamazioak.
  • Apirilaren 4ra arte: eskabidean atzera egitea.
  • Apirilaren 20an: behin betiko zerrenden argitalpena (maiatzaren 22ra arte eskuragarri).
  • Apirilaren 27an: Arabako Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak esleitutako plazen zerrenden argitalpena.
  • Maiatzaren 22ra arte: behin betiko zerrenden helegiteak: maiatzaren 22ra arte.

Nola aurkeztu dokumentazioa?

Familiek edo tutore den pertsonak zein erakundeak bi modu dituzte matrikulazio eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkezteko:

  • Online: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Ikasgunea aplikazio informatikoaren bidez. Eskabidea otsailaren 13tik otsailaren 24ko 24:00ak arte egin ahalko da. Ordu horretan aplikazioa desaktibatuko da.
  • Lehen aldiz aukeratu izan den ikastetxearen idazkaritzan, otsailaren 13tik 24ra bitartean, bi egunak barne, idazkaritzako ordutegian.

Irizpide berriak

Onarpen prozesuan "ikasleen banaketa orekatuagoa" sustatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak hainbat berrikuntza ezarri ditu ikastetxeen banaketarako irizpideetan. Modu progresiboan, hezkuntza sisteman behetik gora hedatuz, joango den prozesua izango da, aurten 2 urteko geletatik hasita:

  • Plazen erreserba: diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Plazen erreserba hori izena emateko epean eskaerak jaso ondoren ezarriko da.
  • Zaurgarritasun Indizea: eskaerak aurkezterakoan, familia guztiek euren egoera sozioekonomikoari buruzko inkesta bat bete beharko dute. Bildutako informazioarekin definituko da zein ikasle hartuko diren zaurgarritzat. Era honetan, zona bakoitzerako Zaurgarritasun Indize erreferentziala zehaztuko da, ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopuruarekin batera.
  • Zonifikazioa: hainbat doikuntza egin dira, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako, ezarritako neurrien eraginkortasuna benetakoa izan dadin. Inklusioa izan da horretarako irizpide nagusiak. Esaterako, udalerri handietan eta hiri ertainetan (hiriburuetan izan ezik) hainbat eragin-eremu izatetik eremu bakarra izatera pasatu da. Oro har, zonifikazioan doikuntzak egin diren lekuetan, eragin eremuak zabalagoak dira orain, aniztasunaren banaketa orekatuagoa errazteko. Eragin-eremu bakoitzean ikastetxe publiko bat dago gutxienez.
  • Eskaintzaren plangintza Haur Hezkuntzako sarrera mailan (2 urte): azpi-eskaintza eta gain-eskaintza saihestea izango da onarpen prozesuan ikastetxe bakoitzean eskainiko den plaza kopuruaren irizpide nagusia. Ikastetxe guztiek beren plaza libre guztiak edo itunerako planifikatutako guztiak (itunpekoen kasuan) eskaini ahal izango dituzte.
  • Ikastetxe kopuru mugagabea eskaera bakoitzeko: familia bakoitzak bere eragin-eremuko ikastetxe guztiak hautatu ahal izango ditu seme-alabak eskolatzeko, edo beste eremu batzuetakoak, mugakideak izan edo ez, kopuru mugarik gabe, baldin eta beren planteamenduen arabera egokitzat jotzen dituzten hezkuntza baldintzak betetzen badituzte. Beren interesen araberako hurrenkeran lehenetsiko dituzte. Onarpen prozesua ikasle bakoitzari familiak lehenetsitako ikastetxea eskaintzen saiatuko da, eta hautatutakoetan eskolatzeko aukerarik ez balego bakarrik eskainiko litzateke beste ikastetxe bat, markatutako ezaugarriak izango lituzkeena eta ikaslearen bizilekutik hurbil legokeena. Horregatik, oso garrantzitsua da familiek ahalik eta ikastetxe gehien hautatzea, dagokien ikastetxea ahalik eta gehien egokitu dadin euren interesetara.

Hurbiltasuneko eskolatzea

Baremoko irizpideetan dagoen aldaketarik esanguratsuena etxebizitzaren hurbiltasunagatik ematen den puntuazioan dago:

  • 7 puntu: puntuaziorik handiena aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea (publiko zein itunpekoa) den kasuetan, beti ere eragin-eremuaren barruan.
  • 5 puntu: eremuko beste edozein ikastetxe, baina ez bizilekutik hurbilen dagoena; orain arte 6 puntu ematen zituen horrek.
  • 6,5 puntu: eskatutako ikastetxean (edo hari atxikitako batean) neba-arreba bat edo gehiago matrikulatuta badago; orain arte hori zen puntuazio handiena ematen zuen irizpidea.
  • Gehienez 3 puntu: familia-unitatearen urteko errenta.
  • Gehienez 2 puntu: desgaitasuna.
  • Gehienez 1,5 puntu: familia ugaria.
  • Puntu bat: guraso bakarreko familia.
  • Puntu bat: ikaslea harrera-familian egotea.
  • Gehienez 1,5 puntu: erditze anizkoitzean jaio izana.
  • Gehienez puntu bat: DBHko espediente akademikoa, Batxilergoan sartzeko.
  • Puntu bat: terrorismoaren biktima izatea.
  • Puntu bat: genero indarkeriaren biktima izatea.
  • 0,5 puntu: familia unitatea lekuz aldatu bada honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana, edo genero indarkeriaren edo terrorismo ekintzen ondoriozko bizileku aldaketa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago