Egin dugu, bada, alaba txikiaren matrikula, datorren urtean has dezan araututako hezkuntza akademikoaren bide luzea, bi urteko gela batean. Gure ardura, bide horretan ahalik eta hoberen laguntzea; Hezkuntza Sailarena, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzea, berdintasuna eta inklusibitatea oinarri. Gure egoera pertsonalagatik, eta Jaurlaritzak hezkuntza-sisteman iragarritako aldaketei mesfidantzaz begiratzen genielako, jakinminez jo dugu Hezkuntzaren webgunera, helbide-gertutasunagatiko baremoa ezagutzera. Izan ere, harro azaldu dute hemendik aurrera bizilekutik gertuen dauden ikastetxeetan matrikulatzeko puntu gehiago emango direla, lehengo zonifikazio zurruna gaindituz, ikasleen banaketa zentzuzkoagoa eta homogeneoagoa helburu.
Hara gure sorpresa ikustean gure "gertutasun maximoko" zentroak zirela A ereduko publiko bat eta B ereduko itunpeko bat, besterik ez. Guk, beste guraso askok bezala, D eredu publikoa nahi dugu, baina gure gertuko guztietan bi puntu gutxiago ditugu A eredukoan baino, hori gertuago dagoelako. Eta orduan zer?
"Puntuazio-sistema 'etorkizunean doitu' artean, etxebizitza aukeratu aurretik begiratu ea A ereduko ikastetxeren bat egokitu zaizuen gertu, badaezpada"
Bada, Arabako Lurralde Ordezkaritzara hiruzpalau aldiz deitu, bizpahiru funtzionario despistaturekin hitz egin, eta azkenean "matrikulazioa daramatenekin" pasatzea lortu dugu. Artatu nauen funtzionarioari egoera azaldu eta esan diot, ondo ulertu badut, ez daukagula alaba D ereduan matrikulatzea bermatuta, ikastetxe publiko eta itundu gertuena besterik ez direlako puntuz saritu, hizkuntz eredua irizpidetzat hartu gabe. Berretsi dit baietz, hala dela, eta sentitzen duela, eta beraiek (lerro artean ulertu dudanez, funtzionarioek) abisatu zutela hori gertatu ahal zela, baina erabaki zela (lerro artean ulertu dudanez, goi-kargudunek) irizpideak horiek izatea, eta "etorkizunean doitu beharko" dela, baina aurten halaxe gaudela eta horiek direla arauak. Esan diot larria iruditzen zaidala, ni 1989an jaio eta bermatua izan nuela D eredu publikoan Gasteizen ikastea, eta ezin dudala ulertu 2023an gure alabari eta bere kintakoei eskubide hori ukatzea, eta kanpo-faktoreen menpe uztea.
Esan dit ulertzen didala, baina ezer gutxi egin ahal duela berak, eta lasai egoteko, ez duela uste arazorik izango dugunik hautatutako eskolan sartzeko. Erantzun diot baietz, guk baditugula beste zenbait puntu, tartean alaba nagusia eskola horretan egoteagatik emandakoak, baina ez dela hori kontua. Haur guztiek eduki behar dutela bermatuta D ereduan ikastea eskola publiko batean, eta sistema berriak ez duela euskaraz ikasi ahal izatea %100 bermatzen. Arrazoia eman dit berriro ere, kexa non jar dezakedan azaldu dit, eta halaxe utzi dugu kontua. Beraz, badakizue: puntuazio-sistema "etorkizunean doitu" artean, etxebizitza aukeratu aurretik begiratu ea A ereduko ikastetxeren bat egokitu zaizuen gertu, badaezpada. Eta lerro xume hauetatik, zorionak Hezkuntza Saileko arduradun politikoei, euskarazko hezkuntza publikoaren alde egiten duten lan nekaezinarengatik.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.